GIBaren historia
Ÿ  HIESa, mundu mailako izurrieta
Ÿ  Espainako egoera
Ÿ  Euskal Autonomia erkidegoko egoera
Ÿ  Gizarte HIESa
HIESa, mundu mailako izurrieta

2004

2005

2006

Azken mende laurdenean, GIBak 65 milioi lagun inguru kutsatu egin ditu, eta egindako kalkuluen arabera 25 milioi lagun hil dira HIESari lotutako gaixotasunen ondorioz. Kalkulatzen da egun 40 milioi lagun inguru GIBak kutsatuta bizi direla. Hala ere, gehienak ez dira euren egoeraren jakitun.
HIESa ez-ohikoa denez, berari eman beharreko erantzuna ere ez-ohikoa izan behar da. HIESak lidergo iraunkor baten beharra dauka bai nazio mailan, bai nazioartekoan. 25 urteko izurrite baten ostean, mundu mailan HIESari eman beharreko erantzuna unean uneko krisi moduan kudeatzetik epe luzeko gaitasuna eta konpromisoa eragiteko premia aitortuko duen erantzun estrategikoa izatera igaro behar da, eta horretarako izurritea sustatzen duten egiturazko faktoreei ekingo dieten probetan oinarritutako estrategiak baliatu behar dira.
2001etik aurrera eskuratutako aurrerapen ikusgarrien arren, oraindik ere ez da ikusten izurritea geldiarazi, menperatu eta atzera botatzeko behar den lidergo kontsekuente bat. Idazkari Nagusiak Nazio Batuen Batzar Orokorrari luzatutako txostenean 2001etik HIESari emandako nazioarteko erantzunean aurrerapen ugari aipatu arren, argi eta garbi dio jarduera orokorra ez dela nahikoa izan, eta arrakasta desberdina izan dela herrialde eta eskualdeen arabera, baita, batzuetan, herrialde edo eskualde berean ere.

IZURRITEAREN EGOERA OROKORRA

Munduko alde askotan erretrobirusaren kontrako tratamenduak eta artapena eskuratzeko arloan hobekuntza berriak egon arren, kalkulatzen da 2005 bukaeran mundu osoan 38,6 milioi lagun [33,4-46,0 milioi] GIBak jota bizi zirela; urte horretan zehar GIBak 4,1 milioi lagun [3,4-6,2 milioi] kutsatu zituela, eta 2,8 milioi lagun [2,4-3,3 milioi] HIESaren ondorioz hil zirela.
Uste da mundu mailan GIBaren eragin-tasak (urteko GIBaren kutsapen berrien kopurua aldez aurretik kutsatuta ez dauden pertsonen proportzio gisa hartuta) goia jo zuela 90ko hamarkadaren bukaeran, baita ordudanik egonkortu egin dela ere, hainbat herrialdetan eraginak gora egin badu ere.
Hainbat herrialdetan, eraginaren joera baikorrak prebentzio programei zein jokaeraren aldaketei lotuta daude. Eraginaren aldaketek HIESaren ondoriozko heriotza-tasa txikiagotu izanarekin batera, GIBaren mundu mailako prebalentzia (GIBak jota bizi diren lagunen proportzioa) parekatzea eragin dute. Hala ere, GIBak jota bizi diren pertsonen kopuruak hazten jarraitzen du biztanleriaren hazkundearen ondorioz eta, azken bolada honetan, erretrobirusaren kontrako terapiak bizi-itxaropenean daukan eraginagatik.
Datuek adierazten dute Saharaz hegoaldeko Afrikan ere, HIESAren izurriteak gehien jotako eskualdean, GIBaren eragin-tasak herrialde gehienetan goia jo duela. Hala ere, eskualde honetako izurriteak oso desberdinak eta bereziki larriak dira Afrikako hegoaldean, bertan hauetariko batzuk oraindik ere zabaltzen ari direlako. Azken inkesten datuek adierazten dute HIESAren izurriteak gehiegizko eragina daukala emakumeengan, batez ere Saharaz hegoaldeko Afrikan, bertan batez beste hiru emakumezko GIBdun daude bi gizonezkoko. Gazteen artean (15-24 urte) kopuru hau izugarri zabaldu egiten da: hiru emakumezko adin bereko gizonezko bakoitzeko. Azken joera aipagarrienen artean azpimarratu behar da GIB1aren nazio prebalentzia Saharaz hegoaldeko Afrikako bi herrialdetan (Kenya eta Zimbabwe), Burkina Fasoko hiriguneetan eta Haitin (Karibe) jaitsi dela, eta jokaeraren aldaketa esanguratsuak (esate baterako, preserbatiboen erabilera handiagoa, bikote gutxiago izatea eta sexu jarduerari beranduago ekitea) antzeman direla. Saharaz hegoaldeko Afrikako gainontzeko eskualdeetan badirudi izurrite gehienak egonkortu direla, hauen mailak Afrikako hegoaldeko leku gehienetan izugarri altuak badira ere.
GIBaren prebalentzia Indiako lau estatutan ere, Tamil Nadu barne, jaisten ari da, 90ko hamarkadaren bukaeran prebentzio mailako esfortzuak dezente areagotu izanaren ondorioz. Kanbodian eta Tailandian GIBaren prebalentziaren jaitsiera uniforme eta iraunkorrak gertatzen ari dira. Hala ere, prebalentzia beste herrialde batzuetan handitzen ari da, batez ere Txinan, Indonesian, Vietnamen eta Papua Ginea Berrian, eta GIBaren agerraldiak gertatu dira Bangladeshen eta Pakistanen.
Europako ekialdean eta Asiako erdialdean GIBak jota bizi diren pertsona gehienak bi herrialdetan kokatuta daude: Ukrania, non urtez urte GIBaren diagnosi berrien kopuruak hazten jarraitzen duen, eta Europa osoko HIESaren izurrite handiena daukan Errusiar Federazioa.
Bitartean Ameriketako Estatu Batuetan eta Europako herrialde batzuetan birsortzen diren izurriteen zantzuak antzematen dira gizonezkoekin sexu harremanak dauzkaten gizonezkoen artean, eta Latinoamerika eta Asiako hauen homologoen artean izurrite ezkutuak ere badaude.
2005eko abenduan, diru-sarrera txiki eta ertainak dituzten herrialdeetan 1,3 milioi lagun erretrobirusaren kontrako tratamendua jasotzen ari ziren, bi urte lehenago 400.000 pertsona inguru zirelarik. Saharaz hegoaldeko Afrikan tratamendua jasotzen ari ziren pertsonen kopurua 8 aldiz (100.000tik 810.000ra) handigoa izan zen 2003-2005 urteen artean eta bi aldiz handiago bakarrik 2005ean. Joera honen arrazoi nagusia da herrialde gutxi batzuetan (hauetan batez ere: Botswana, Kenya, Hegoafrika, Uganda eta Zambia) tratamenduen eskuragarritasuna handitu izana. Asian erretrobirusaren kontrako tratamendua jasotzen zuten pertsonen kopurua hiru aldiz gehiago handitu zen 2005ean, 180.000ra arte.
Saharaz hegoaldeko Afrikak jarraitzen du munduko eskualde joena izaten, munduko biztanleriaren hamarren bat-edo biltzen badu ere, GIBak jota bizi diren lagunen ia % 64 bertakoak baitira: 24,5 milioi. GIBaren kutsapen berrien tasek goia jo zuten 90ko hamarkadaren bukaeran, eta izurrite hauetariko batzuek behera egin dute orain dela gutxi, batez ere Kenyan, Zimbabwen eta Burkina Fasoko hiriguneetan. Oro har, badirudi GIBaren prebalentzia eskualde honetan egonkortu egin dela, nahiz eta Afrikako hegoaldean oso maila altuak eduki. Izurritearen ustezko "egonkortze" honek islatzen duen egoera zera da: GIBaren kutsadura kasu berrien kopurua gutxi gorabehera orekatzen du HIESari lotutako gaixotasunen ondorioz hiltzen diren pertsonen kopuruak.

DESBERDINTASUNA, SEXUA ETA GIB

Leku askotan, GIBa prebenitzeko saioek ez dituzte kontuan hartzen pertsonen jokabidea moldatu eta pertsona horien aukerak mugatzen dituzten sexuaren eta beste faktore batzuen araberako desberdintasunak. GIBaren inguruko estrategia askok mundu idealizatu bat marrazten dute, non pertsona guztiak berdinak eta baimendutako erabakiak hartzeko aske diren, non sexu harremanak ez edukitzea edota bikotekide bakar bati fidel izatea erabaki dezaketen edo preserbatiboak normaltasunez erabili ditzaketen. Errealitatean, emakumezkoek eta neskek gixonezkoei eta mutilei eragiten ez dieten GIBari lotutako hainbat arrisku faktoreri eta ahultasuni aurre egin behar diete, faktore eta ahultasun horietariko asko euren gizarteetako harremanetan eta errealitate ekonomikoetan erabat sustraituta daudelako. Faktore horiek ezabatzea edota aldatzea ez da erraza, baina hori lortzen ez den bitartean, oso zaila izango da GIBaren izurritea geldiarazteko zein atzera botatzeko saioek arrakasta iraunkorra lortzea.
Bikotekide ugariekiko harremanak, "oparien" truke, emakumezko txiro askorentzat bizirik irauteko funtsezko estrategia bat dira. Txirotasunak eta bizitza hobe baten nahiak bultzatuta, emakumezko eta neska horiek sexua askotan haiek baino zaharragoak diren gizonezkoekin trukatzen duten kontsumo gai gisa erabiltzen bukatu dezakete, ondasunak, zerbitzuak, dirua, ostatua edota bestelako oinarrizko behar batzuk lortzeko. "Transakziozko" sexu honek ezkontzatik kanpoko sexu harremanak dakartza, askotan zaharragoak diren bikotekide maskulino ugariekin, eta honek erakusten du gizonezkoek jarrera ekonomiko hobea eta baliabideak eskuratzeko erraztasun handiagoak dauzkatela, baita emakumeek oinarrizko beharrak asetzeko dauzkaten zailtasunak eta sexu bikotekide ugari dauzkaten gizonezkoei ematen zaien kultur balioa ere (Jewkes eta Wood, 2001).
Afrikako hegoaldea -munduko eskualde joena- definitzen duten ezaugarrietariko bat zera da: aberats eta txiroen artean ez ezik, txiroen artean ere gizarte eta ekonomia desberdintasunak handiak direla. GIBaren prebalentziaren eta gizarte eta ekonomia adierazleen arteko erlazioa oso konplexua da. Dena dela, gizarte desberdintasunak, txirotasun egoera orokor batean eta lan-esku migratzaileko sistemek eragindako distortsioetan errotuta -"kontsumismoaren" kultura hazkorrarekin batera-, "bizirik irauteko" belaunaldien arteko sexu transakzional eta zapaltzailea hedatzeko eremu emankorra sortzen ari dira ("Emakumeak, neskak eta HIESa Afrikako Hegoaldean" izeneko Nazio Batuen Idazkari Nagusiaren lan-taldea, 2004). Lan-esku migratzaileko sistemek emakumezkoek euren bikotekide gizonezkoekiko daukaten menpekotasuna izugarri larritu egin dute, emakumezkoek merkatuko transakzioetan eta bestelako merkataritza jardueretan paper garrantzitsuagoa daukaten Afrikako beste leku batzuetan baino askoz gehiago. Eskualde honetan guztian hezkuntza maila eskasa daukaten emakumezkoek diru-sarrerak lortzeko dauzkaten aukerak oso urriak dira, eta emakumeak nagusi diren industria sektoreek (arropagintza, esate baterako) muga-zergen eta diru-laguntzen arloan izandako aldaketen ondorioz arazo larriak eduki eta lanpostuak galdu dituzte. Honek are gehiago ahuldu du emakumezkoen jarrera ekonomikoa, sexuen arteko desberdintasunak areagotu ditu, eta ziurrenik emakumezkoen zaurgarritasuna GIBarekiko handitu egin du (Hunter, 2002).
Garrantzitsua da aitortzea sexuak bestelako gizarte funtzioak ere garatzen dituela, eta lotuta dagoela pertsonek konfiantza bilatzeko eta adierazteko beharrarekin, gizartean lekua eta autoestima bilatzearekin eta bakartasunetik ihes egiteko eta asperdura uxatzeko saioekin. Adibidez, Hegoafrikan egindako ikerketek adierazten dute txirotasun egoera orokor baten eta langabezi tasa handien barruan (eta aisialdiko jarduera eskuragarrien faltan) sexu harremanek askotan autoestima eta berdinen arteko gizarte posizioa hobetzea eta asperdura arintzea ahalbidetzen dutela (Jewkes, Vundule eta Maforah, 2001). Emakume askoren gogo bizi hori hain arriskutsu bilakatzen duena zera da, batetik, GIBa oso errotuta dagoen eskualdeetan gertatzen dela, eta, bestetik, eta horrekin batera, sexuen arteko desberdintasunak eragindako inguruneak egoera larritzen duela, gizonezkoek abantailarekin jokatu ohi dutelako eta gizarte arauek zein marko juridikoek abantaila hori indartu egiten dutelako.
Informazioa eta ezagutza ez dira nahikoak. Prebentzio arloko esfortzuek epe luzean emaitzak ematea nahi izanez gero, sexu eta ekonomia mailako desberdintasunen eta GIBarekiko zaurgarritasunaren arteko elkarrekintzei ekin behar zaie. Prebentzio jarduerek kontuan hartu behar dituzte emakume gehienek jasan behar izaten dituzten desberdintasun baldintzak. Estrategiek kontuan hartu behar dute milioika pertsonentzat sexua kapitala lortzeko eskura daukaten modu gutxienetariko bat izan daitekeela (Stephenson eta Obasi, 2004; Cates, 2004). Neska askok bereganatzen duten sexu arriskua hein handi batean sexuen arteko harremanen baitako desberdintasunak eta baliabideak, ondasunak, diru-sarren aukerak eta gizarte boterea lortzeko jasaten duten desberdintasunak eragiten dute. Askoz gehiago egin behar da emakume eta neskei, batez ere familia-buru emakume bat daukaten familietan bizi direnei, mantenu iraunkor bat ziurtatzeko, behintzat GIBaren kutsaduratik euren burua babesteko eta honen eraginari aurre egiteko gai izan daitezen nahi izanez gero. Emakumezkoen aukera ekonomikoak eta gizarte boterea indartzea HIESaren kontrako edozein estrategia egoki eta iraunkorren zati banaezintzat hartu beharko litzateke.

GIB/HIESaren MUNDU MAILAKO IZURRITEAREN LABURPENA, 2006ko ABENDUA
Helduak 15 urtetik beherakoak Orotara
GIB/HIESarekin bizi diren pertsonak
37,2 milioi
2,3 milioi
39,5 milioi
2006ko GIBaren kutsadura berriak
3,8 milioi
530.000
4,3 milioi
2005an HIESak eragindako heriotzak
2,6 milioi
380.000
2,9 milioi

2006an GIB/HIESarekin BIZI ZIREN HELDU ETA UMEEN KOPURU ZENBATETSIA
OROTARA: 39,5 MILIOI(34,1-47,1)


ESKUALDEA
GIB/HIESa DUTEN HELDU ETA UMEAK
2006an GIBak KUTSATUTAKO HELDU ETA UMEAK
HELDUEN ARTEAN KUTSATUTAKOEN %
HIESak HILDAKO HELDU ETA UMEAK
Afrika Subsahariana
24,7 milioi
2,8 milioi
5,9%
2,1 milioi
Ekialde Ertaina eta Iparraldeko Afrika
460.000
68.000
0,2%
36.000
Hegoaldeko eta Hegoekialdeko Asia
7,8 milioi
860.000
0,6%
590.000
Ekialdeko Asia
750.000
100.000
0,1%
43.000
Latinoamerika
1,7 milioi
140.000
0,5%
4.000
Karibe
250.000
27.000
1,2%
19.000
Ekialdeko Europa eta Erdialdeko Asia
1,7 milioi
270.000
0,9%
84.000
Mendebaldeko Europa
740.000
22.000
0,3%
12.000
Ipar Amerika
1,4 milioi
43.000
0,8%
18.000
Ozeania
81.000
7.100
0,4%
4.000
OROTARA
39,5 milioi
4,3 milioi
1,0%
2,9 milioi
  ( ONUSIDA /OMS. 2005ko Abendua )


Espainako egoera

Espainiako hies-kasuak aztertzean beste herrialde batzuekiko desberdinak diren hainbat kontu agertzen zaizkigu. Izurritea beste herrialde batzuetan baino zertxobait beranduago hasi zen, baina Ekialdeko Europako herrialdeetan baino lehenago. Hasieratik zainen bidezko drogen erabiltzaileen taldea handiena izan zen, eta ez gizonezko homosexualena. Sexu bidez transmititutako kasuak 1985ean hasi ziren, hots Europako beste herrialdeetan baino beranduago. 1900az geroztik, Espainiak milioi biztanleko Europako tasa handiena dauka. 2006ko abenduaren 31tean Espainian hiesak jotako 73.977 lagun zeuden.

GIBaren kutsaduraren data jakingaitza bada ere, baita eragindakoarentzat berarentzat ere, Espainian eta urtean gertatutako kutsadura berrien zenbatekoak izurritearen eredu matematikoen bidez gutxi gorabehera berreraiki dira. Honen ondorioz, ikusi da GIBaren kutsadura maila altuenak 1985-88 urteen artean suertatu zirela, eta ordudanik kutsadura berrien erritmoak oro har behera egin duela. Garai hartan zegoen inkubazio mailaren arabera, hiesa-kasuen kopuruak hamar urte geroago, gutxi gorabehera, goia jo zuen. Hiesa-kasuen eta heriotza-tasaren zenbatekoa kutsadurena baino askoz txikiagoak direnez, kutsatutako lagun gehienek bizirik eta hiesa garatzeke jarraitzen dute.

Espainiako GIB/hiesaren izurritearen eredu matematikoen bidez, bi kontzepturen arteko desberdintasuna ere ikus dezakegu: GIBaren kutsadura berriak urtean eta pertsona GIBdunak bizirik. Bi kontzeptu erabat desberdinak dira, baina zuzenean elkarri lotuak. 80ko hamarkadaren bukaeran eta 90koaren hasieran GIBaren transmisioa oso handia zenez gero, GIBak kutsatutako pertsona bizien zenbatekoa oso azkar handitu zen, 100.000 baino gehiago zirelarik. Geroago, GIBak eragindako kutsadura berrien kopurua nabarmen jaitsi bada ere, kutsatutako pertsona bizien zenbatekoa 100.000-150.000 artean finkatuta geratu da. Honen arrazoia erretrobirusaren kontrako tratamenduek kutsatutako pertsonen biziraupena hobetu izana da.

GIBaren eta hiesaren izurritearen nondik-norakoak Espainian hiru gertakizun nagusik zehazten dituzte:

80ko hamarkadan GIBaren hedapen azkarra. Hamarkada horretan Espainian GIBaren hedapen handia suertatu zen bide parenteralaren bidezko droga-erabiltzaile (BPDE) kopuru handi batean, eta modu hau bihurtu zen kasuen bi herenen baino gehiagoren arrazoia. GIBa gizonezko homosexualen artean ere zabaldu zen, baina hedapena ez zen hain zakarra izan. Espainian droga parenteralen kontsumoaren ondoriozko kalteak gutxitzeko programak ezartzen egondako atzerapenak Espainia Europako hies-tasen lehen postura eraman zuten. GIBak kutsatutako BPDEen kopuru izugarriak, gehienak heldu gazteak eta sexualki aktiboak, bigarren mailako transmisio heterosexuala eta perinatala eragin zuen. 90ko hamarkadaren hasieran GIBak kutsatutako 100.000 lagunetik gora bazeuden, eta honi lotutako heriotza-tasa bilakatu zen Espainian galdutako bizitza-urte potentzialen arrazoi nagusia.

90ko hamarkadaren hasieratik GIBaren transmisioaren jaitsiera mailakatua. Azaldutako egoeraren larritasunak gizartea erne jarri zuen, eta ordura arte erabat ez-nahikoak ziren prebentzio programak indartu zirenez, arrisku jokabideak gutxitu egin ziren. GIBaren kutsadura berriak hasi ziren jaisten talde arriskutsuenetan, argi erakutsi duten bezala BPDEen, gizonezko homosexualen eta emakume prostituten artean GIBaren hedapenari buruz egindako ikerketek. Hurrengo belaunaldietan injektatutako drogen kontsumoari ekin zioten gazteen kopurua txikiagoa izan zen, eta, gainera, erretzeak kontsumitzeko modu injektatua pixkanaka ordeztu zuen.

1997az geroztik erretrobirusaren kontrako terapien zabalpena. 90ko hamarkadaren erdialdean izurriteak goia jo zuen heriotza-tasari zein erikortasunari dagokienez, urteko 7.000 kutsadura berrirekin eta 5.000 heriotzarekin. 1996an eta 1997ko hasieran erretrobirusaren kontrako terapia konbinatuak agertzen hasi ziren, eta, berauek proteasa inhibitzeko botikak zeuzkatenez, kutsatutako lagunen bizitza-kalitatean eta pronostikoan zein egoera immunologikoan hobekuntza nabarmena gertatu zen. Honek ekarri zuen hiesaren eraginak hurrengo lau urteetan % 60ko jaitsiera edukitzea, eta bakarrik bi urtetan heriotza-tasa % 67n jaistea.
2006ko datuak. 2006ko abenduaren 31ra arte Hiesaren Kasuen Nazio Erregistroan jasotako jakinarazpenen arabera, kalkulatzen da, behin atzerapenen ondoriozko jakinarazpena zuzenduta, 2006an espainiar estatuan hiesaren 1.586 kasu berri diagnostikatu zirela. 90ko hamarkadaren erdialdean goia jo ondoren, jakinarazitako hiesaren kasuen kopuruak behera egin du etengabe, esate baterako, 2006an jakinarazitako kasuak 1996an (erretrobirusaren kontra jardun handiko tratamenduak orokortu aurreko urtean) jakinarazitakoak baino % 76 gutxiago dira.


2005arekin parekatuz gero
, 2006an gizonezkoen artean diagnostikatutako kasuak % 12,3 gutxiago izan ziren, eta emakumezkoen artean portzentajea zertxobait handiagoa izan zen, % 14. Oraindik ere talde ohikoena bide parenteralaren bidezko droga-erabiltzaile edota erabiltzaile ohiena bada ere, aurreko urteetan hasitako beheranzko joerak bere horretan jarraitzen du, diagnostikatutako kasuak % 16,5 gutxiago izan zirelako. Babestu gabeko sexu harremanei dagozkienen kopuruak ere behera egin zuen: % 14,1 kutsapen heterosexualaren kasuan eta % 4,7% gizonezkoen arteko sexu harremanen ondoriozkoetan.
Erretrobirusaren kontrako tratamendu berriak zabaldu zirenetik hiesak espainiar estatuan nabarmen behera egin badu ere, Europako Mendebaldeko herrialde joenetariko bat izaten jarraitzen du. Beheranzko joerari eusteko, prebentzio neurriak indartzeaz gain, arrisku jarduerak izan dituzten pertsonen artean GIBaren proba, aholkuak eta diagnosi goiztiarra sustatzeko jarduerak bultzatu behar dira.
Orain arte 2006an diagnostikatutako 1.065 kasuren jakinarazpena jaso da, eta pentsatzen da jakinarazpena amaitzen denean kopuru hau kasu guztien % 67 izango direla. Diagnosien % 76,6 gizonezkoei dagozkie, eta diagnosien batez besteko adina 40 urteen ingurukoa da. Kasu pediatrikoen kopurua (13 urtetik beherakoak) % 0,5 da. 2006an hiesak kutsatu zituen pertsonen % 44,2 bide parentaletik drogak hartzeko materiala partekatzeagatik kutsatu ziren, eta hau izan zen arrazoia gizonezkoen % 47ren eta emakumezkoen % 35,3ren kasuan. Babestu gabeko sexu harreman heterosexualen ondorioz kutsatu ziren pertsonak kasuen % 30,7 dira, eta kopuru orokorretan ohikoagoa da gizonezkoen artean emakumezkoen artean baino. Hala ere, proportzioan, emakumezkoen artean talde horrek garrantzi berezia dauka, izan ere 2006an jakinarazitako kasuen % 55 dira. Hirugarren bide ohikoena gizonezkoen arteko harreman homosexualak izan dira, eta hauek kasu guztien % 16,6 dira, eta gizonezkoei eragin dietenen % 21,7.
Izurritea hasi zenetik estatuan orotara hiesaren 73.977 kasu jakinarazi dira.
1997ra arte jatorrizko herrialdetzat espainiar estatua ez zeukatenen kopurua % 3tik beherakoa izan zen. Baina 1998tik kopuru honek pixkanaka gora egin zuen, 2006an % 18,8 izan arte. Azken urte honetan kasu hauen % 81,6 Afrika eta Latinoamerikako herrialdeetatik datoz.
Diagnostikatutako pertsonen % 40,7k diagnosia egitean ez zeukaten GIBak jota egoteko susmorik. Kopuru hau bide heterosexualak kutsatutakoen % 61,9 da eta % 62 harreman homosexualen ondorioz kutsatutako gizonezkoen artean.
2003-2006 tartean edozein kokapenetako tuberkulosiak jarraitu zuen hiesaren gaixotasun adierazle nagusia izaten, kasuen % 28,8n agertu zelarik. Ondoren Pneumocystis jirovecii izenekoak eragindako pneumonia (% 22,6) eta esofagoko kandidiasia (% 14,4) datoz.


(Iturria: Osasun eta Kontsumo Ministerioa)

 

((Iturria: Osasun eta Kontsumo Ministerioa))


Euskal Autonomia erkidegoko egoera

Milioi bat biztanleko hiesaren kasuei dagokienez eta Osasun eta Kontsumo Ministerioaren datuen arabera, Euskadi hirugarren tokian dago Katalunia eta Madril autonomia erkidegoen atzetik. Aipatzekoa da bai milioi bat biztanleko hiesaren kasuei, bai kutsapen berriei dagokienez Espainia eta Italia Europan buru daudela. Gainera, soilik bi herrialdeotan kutsatuenak ez dira gizonezko homo-bisexualak, bide parenteralaren bidezko droga-erabiltzaileak baizik.

80ko hamarkadan bide parenteralaren bidezko droga-erabiltzaileen artean izandako hedapen azkarraren ondorioz kasuen bi heren baino gehiagoren arrazoia hauxe izan zen. Egun, ordea, sexu bidezko kutsapena da GIBaren hedapenaren lehen arrazoia. Izan ere sexu harreman heterosexual zein homosexualen bidezko kutsapenak azken urteotan goranzko bilakaera eduki du, bide parentalaren bidezkoak behera egin duen bitartean. Egun, eta Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) 2006an izandako kutsapen berriei erreparatzen badiegu, % 79,5 sexu bidezko kutsapenak dira (% 53,7 heterosexualak eta % 25,8 homo/bisexualak), % 15,2 bide parenteralaren bidezko droga-erabiltzaileei dagozkie, eta kasuen % 5,3ri dagokienez ez da datua ezagutzen.



2006 ko DATUAK
1984-2006 ARTEAN METATUTAKO HIES-KASUAK: 5.399
1984az geroztik HILDAKO PERTSONAK: 3.028
2006ko KUTSADURA BERRIAK: 151

            2006ko HIES-KASU BERRIAK: 120

LURRALDEA
SEXUA
Araba % 18,5 (28)  Emakumeak: %27 (41)
• 2006an 120 hies-kasu diagnostikatu dira
Bizkaia: % 60,3 (91)  Gizonak: %73 (110)
• 120 kasu hauetatik, % 69 (83) gizonezkoak dira eta % 31 (37) emakumezkoak.
Gipuzkoa: % 21,2 (32)  
• Batez besteko adina 40,6 urte da.
Kutsadura berrien % 37 (55) atzerritarrak dira.
Kasuen % 31 Hiesa garatzearekin batera daki eramailea dela.
Sarbideari dagokienez, % 26k jarduera homosexual adierazten du, % 15 benabarnetiko drogen hartzaileak dira.
 • 2006an 49 pertsona hil dira.
Hiesa-kasu berrien % 17,5 (21) atzerritarrak dira.

      (Iturria: Hiesaren Prebentzio eta Kontrolerako Euskadiko Plana. 2006ko aprila)


GIZARTE HIESa



Hiesaren larriena ez da soilik gaixotasun hilgarria izatea, baizik eta XXI mendeko gizartea mehatxatzen duen izurrite bat dela eta izurrite horrek gizateriak lehenago jasandako beste gaixotasun batzuei aurre egiteko eman ziren gizarte erantzun eta sinismenak ezabatzen dituela. Horregatik ez da kasualitate hutsa hiesari buruz gehien erabilitako metafora izurriarena izatea, hitz honek zoritxar beltzena adierazten duelako eta gizarteari egindako epaiketa iradokitzen duelako.
GIBaren kutsadura jasateak gizaki hori bere giza izaera galarazten duen etiketa baztertzaile baten menpean dagoen giza talde batean sartzea dakar eta gaixoari duintasuna gutxiesten dion nortasun berri bat ematen dio.
Lehen aldiz, gizartea gaixotasun-kasuak zein kutsatutako pertsona osasuntsuen kopurua zenbatzen deneko izurrite baten aurrean dago. Honek bi aldetatiko esanahi berezia dauka: batetik, balio du birusa eramateko susmagarria direnak identifikatzeko ustezko beharra zuritzen du; bestetik, ziurrenik heriotza fisikora baino azkarrago gizarte heriotzara eramango dituen gizarte bazterketa eragingo du.

Hiesak XX. mendean gertatutako kultur aldaketei gaina hartzen die. Mende horretan sexualitatea gizarte diskurtsoa bilakatu zen, gorputzen arteko intimitatea ikuskizun argia bihurtu zen. Emakume eta gizonen arteko maitasun eta sexu harremanetako erak aldatu ziren, eta sexu desberdintasuna ikusgarri bilakatu zen. Giza sexuari buruzko eztabaida betean hiesa agertu zen.
Gaixotasun aldaketa horien guztien gainean ezartzen da, eta agian horregatik gizarte irudi korapilatsua dauka, ezagutza klinikoari erantzuteaz gain, gizarte balioak auzitan jartzen dituena eta pertsonen hunkiberatasuna eragiten duena. Gizarteak sortzen duen irudi hori barneratu egiten da, eta gaixotasunari zein gaixoei buruzko jarrerak eta ekintzak sortzen ditu, gaixotasunari buruzko biologia-ezagutzarekin zerikusirik ez dutenak, askoz harantzago doazenak, eta gizarte esanahi morala ematen diotenak.
Historian zehar egon dira garai bakoitzeko paradigmak adierazi dituzten gaixotasunak. Garai bakoitzean legenarra, izurria, sifilia, tuberkulosia, minbizia izan dira gaixotasun bat baino askoz gehiago.

Gure garaiko baldintza makrokulturalei, esate baterako Iparra-Hegoa desberdintasunak, baldintza mikrokulturalak gehitzen zaizkie, gaixotasun hau jendearen barru-barruko bizitzan bete-betean sartzen baita. Gaixotasun oso arriskutsu moduan ikusten da, sexuaren bidez hedatzen dena, azkar eta era hilgarrian garatzen dena, eta guztion bistan jasaten duenaren sexu gustu eta ohiturak uzten dituena. Ildo honetatik eta Pollakek (1988) zioen bezala "hiesaren gizarte irudiak minbiziaren eta sifiliaren ezaugarri guztiak batera biltzen ditu", bertan minbiziaren hilgarritasun eta sendaezintasunari lotzen zaizkielako sifiliaren lotsagarritasuna eta umiliagarritasuna.

Guztiok badakigu zeintzuk izan ziren lehenengo gizarte erantzunak hiesa homosexualen artean agertu zenean. Haienganako iritzi erasokorrak, hiesa haien sexualitateak merezi zuen zigortzat hartuz. Ordura arte gizartean homosexualitatea ezkutuan zegoen, gehiengoak ulertzen ez zuen bazterreko gertakizun baten moduan eta gizarte iritzi negatiboa sortzen zuena. Zigor bat zen moralaren arabera iraingarriak ziren sexu joerentzat.
Hiesak xiringak elkarrekin trukatzen zituzten pertsona toxikomanoak jo zituenean, are gehiago hazi zen baztertuen eta moral menperatzailea urratzen zutenen gaixotasuna zelako irudipena, eta gehiengoak normaltzat zituen jokaeretatik urruntzen zirenentzako zigorra zelako ideia indartu zen.

Gero, sexu kutsadurak homosexualitatearen hesiak gainditzen zituela eta sexu harreman heterosexualen ondorioz ere gizon eta emakumeak kutsatzen zirela argi geratu zenean, hiesa promiskuitatearen ondorioa delako irudipena luzatzen da.
Geroago, odol-transfusio, hemoderibatu eta transplanteen ondoriozko kasu batzuk ezagutuko ziren, baina erantzukizun moraletik kanpo omen zeuden, medikuntzak, teknika den aldetik, holako irudirik ez daukalako, eta gehienez jota osasun-teknikaren kontrol baten erantzukizun soila delako, eta kutsatutako pertsona honen biktima da, baina ez erruduna.

Hiesa guztion arazoa da. Gaur egun ere, heterosexual gehienentzat hiesa besteren arazoa da. Transmisio bideei buruzko ezagutza onargarria bada ere, gehienez jota balio du jakiteko zein egoeratan izan daitekeen arriskutsua hiesa duten pertsonekiko harremana. Baina, azken finean, arazoa kanpotik ikusten da, eta ematen du batik bat arduratu behar dituela izurritearen errudunak omen direnaK, hots, gizarte legeetatik zein arau moral eta etikoetatik kanpo dauden horiek.
Hala ere, biztanleria guztia ez dago arrisku joeretatik kanpo, azken finean, kontua ez delako homosexual, prostituta edota drogazalea izatea, baizik eta GIBa hedatzeko bideen menpean egotea, norberak prebentzio neurririk gabe egindako joera batengatik.
Hortaz, hiesak jotako lagunek bi arazo dituzte: gaixotasuna eta eransten zaien estigma. Gaixotasunak haien osasuna eta bizitza jartzen dizkie arriskuan, estigmaren mehatxua gizarte heriotza da.

Pertsona bat GIBduna dela jakiteak gizarte ospearen galera ekar dezake, horregatik eragindako pertsonek edota arrisku handian egon daitezkeen isilpekotasuna aldarrikatu dute. Isilpekoa izan behar da berria zabaltzeak eragindako pertsona kaltetu dezakeelako, gizarteak baztertzen edota amoraltzat jotzen duen pertsona talde baten barruan bere burua ikus dezakeelako.

Gizarte heriotzaren mehatxua da kutsatutako pertsonengan jarrera kontraesankorrak eragiten dituena eta bere buruari buruzko informazioa estaltzera eramaten dituena, bere gizarte ospea zaintzearren. Horrela, estigmatizazioak hiesaren prebentzioa oztopatu egiten du.
"Arrisku talde" estigmatizatu eta baztertuen kontzeptuak bazterkeria erraztu, prebentzioa oztopatu eta sexu harreman heterosexualen bidez izurritea zabaltzea eragiten du. Beharrezkoa da "arrisku jokabideen" kontzeptua zabaltzea.



(Iturria: "La prevención de la transmisión heterosexual del VIH/SIDA en las mujeres". Osasun eta Kontsumo Ministerioa)

EZ IZAN ZALANTZARIK, GALDEIGUZU




hiesa munduan 2004 abenduan
Hiesa espnian 2004ko abenduan