GIBaren historia
Ÿ  sexu kutsapena
Ÿ  odolaran bidezko kutsapena
Ÿ  kutsapen perinatala
Ÿ  nola ez da kutsatzen

kutsatzeko bideak

Hiesa gaixotasuna kutsakorra da, hau da, izaki bizidun batek (GIB birusak) eragindakoa, kutsatutako pertsonengan garatzen dena, eta kutsatu daitekeena, hots, pertsona kutsatu batengandik pertsona osasuntsu batengana honako bideetariko baten bidez igarotzen dena:

            • Sexu harremanen bidez       • Odol harremanen bidez        • Amarengandik umearengana haurdunaldian

Garrantzitsua da azpimarratzea GIBa organismotik kanpo erraz suntsitzen dela normalean etxeetan erabiltzen diren hainbat produkturen eraginez, esate baterako 20-30 minutuz diharduten 70ºko alkoholean edota lixiba kontzentratuan (inoiz ez dira irentsi behar). Beroari ere ezin dio eutsi, beraz ordu erdiko irakinaldiarekin suntsitu daiteke. Horregatik aipatu bideetatik kanpo ia-ia ezinezkoa kutsatzea. GIBa jokabide zehatz batzuen bidez kutsatzen da, edonor izanda ere jokabide horiek garatzen dituena. Babesik gabeko sexu harreman mota guztiek, gizonezko zein emakumezkoenek, kutsadura eragin dezakete. Kutsatzeko aukerei bagagozkie, ardura du jokabideak, ez pertsona hori zein taldetakoa den. Ez dago, hortaz, arrisku talderik, arrisku jokabideak baino.


sexu kutsapena

Bai semenak, bai baginako jariakinek GIBaren kopuru handia daukate. Pertsona kutsatu baten jariakin hauekiko harremana dakarten sexu jokabideek kutsatu dezakete, zauriak edota urradurak dauden muki-mintzen bidez (sexu-organoetako, uzkiko eta ahoko larruazal hauskorrena).
Beraz, pertsona kutsatu batekin, sexu berekoa zein bestekoa izanda ere, bagina edo uzkiko koitoa preserbatiborik gabe egitea arrisku handiko jokabidea da. Jarduera hauetan zauri mikroskopikoak suertatzen dira bagina, uzki eta zakileko muki-mintzetan, eta berauetatik semenean edota baginako jariakinetan dagoen birusa odolera igaro daiteke, eta kutsadura eragin.

UZKIKO KOITOA. Preserbatiborik gabeko uzkiko koitoa arrisku handiena dakarren sexu jokabidea da, uzkiko muki-mintzean zauriak eragiteko erraztasunagatik, berau baita muki-mintz hauskorrena. Kutsatzeko arriskua handiagoa da bikotekide hartzailearentzat emailearentzat baino. Izan ere, kutsatua emailea denean, errazagoa da hartzailea kutsatzea alderantzizko egoeran baino, nahiz eta kutsapena bi kasuetan gertatu daitekeen.
Jokabide honetan arriskua areagotzen duten faktoreak honakook dira:
• Sexu jokabide oldarkorrak.
• Sexu organoetako infekzioak (sifilisa, herpes genitala) eta zakila sartu aurreko uzkiko irrigazioak, muki-mintzaren iragazkortasuna aldarazten dutelako.

BAGINAKO KOITOA. Preserbatiborik gabeko baginako koitoan arrisku handiena hartzailearentzat da, hots, emakumearentzat, gizonezkoak ere badaukan arriskua gutxietsi gabe. Ohikoagoa da zauriren bat egotea emakumezkoaren sexu organoetako muki-mintzean (umetoki-lepoko edota baginako ultzera) zakil-mokoan baino. Mikrozauri hauek nahikoak dira semenean edota baginako jariakinetan dagoen birusa beste pertsonaren organismoan sar dadin.
Kutsapena errazten duten eta kontuan hartu beharreko beste faktore batzuk honakook dira:
• Sexu bidez transmititutako gaixotasunak.
• Babesik gabeko sexu harremanak.
• Hilerokoan babesik gabeko sexu harremanak.

AHOZKO SEXUA (felazioa-kunilingusa). Arrisku txikiko jokabidea da. GIBa digestio-bidetik kutsatzen ez bada ere, ahoko muki-mintzean zauriak edota ultzerazioak egoteak kutsapen arriskua areagotzen duenez, komenigarria izango litzateke semena isurtzea edota baginako jariakinekiko harremana ekiditea. Era berean, hortzak irakuzteak zein hortzoietako odoljarioek kutsatzeko arriskua areagotzen dute, baldin eta geroago semenarekin edota baginako jariakinekiko harremana badago.
Ondorengo koadroan sexu jokabide desberdinen arrisku maila jasotzen da:

SEXU JOKABIDEA KUTSATZEKO ARRISKUA

BAGINAKO KOITOA (babesik gabekoa) OSO HANDIA
UZKIKO KOITOA (babesik gabekoa) OSO HANDIA
AHOZKO SEXUA (babesik gabekoa) EGITEN DUEN PERTSONARENTZAKO ARRISKU POSIBLEA BAKARRIK AHOAN ZAURIRIK BADAGO
LAZTANAK, MASAJEAK, MUSUAK, ELKAR MASTURBATZEA...
ARRISKURIK GABE nola salhiestu infekzioa?
 

odolaren bidezko kutsapena

Odolaren bidezko kutsapena gertatzen da odol kutsatua beste pertsona baten odolean sartzen denean.
Odolaren bidezko kutsapena edota kutsapen parenterala ia-ia soilik mugatzen da injekzio materiala partekatzera (bide parenteralaren bidezko droga-erabiltzailea). Badaude odolaren bidez kutsatzeko beste bide batzuk: larruazala zulatu beharreko jardueretako eta odol-transfusioetako tresnak behar bezala ez esterilizatzea, hemoderibatuen erabilpena, organoen trasplanteak edo-eta odola maneiatzean osasun-langileek edukitako istripuak. Honek guztiak jatorria du kutsatutako produktuetan edota pertsonengan.


Injekzio materiala

Zainaren bidez drogak hartzen dituzten pertsonen kasuan gertatzen da kutsapen modu hau. Beste droga-erabiltzaile batzuekin orratzak, xiringak edota droga prestatzeko erabiltzen diren tresnak (koilara, iragazkiak,...) partekatzeak, bai droga hartzeko larritasunagatik, bai material nahikoa ez edukitzeagatik, kutsatzeko arrisku handia suposatzen du.
Pertsona seropositiboak beste bati bere xiringa lagatzen badio edota garbitu gabe prestatzeko tresnak partekatzen baditu, lehenengoaren birusak bigarrenaren odolean zuzenean sartuko dira. Zenbat eta talde bereko pertsona gehiagok material berbera erabili, hainbat eta handiagoak izango dira pertsona kutsatu batek besteak kutsatzeko aukerak. Nahiz eta xiringan edota orratzean odol kopurua txikia izan, talde hauetan askotan gertatzen den jokabide honek asko handitzen ditu kutsatzeko aukerak.

Espainian hau da bide ohikoena GIBa zabaltzeko, eta egun jakinarazitako hies-kasu guztien % 63 bide parenteralaren bidezko drogak hartzen eta injekzio materiala partekatzen duten pertsonengan gertatzen dira. Europako beste herrialde batzuetan hau da kutsatzeko bigarren bidea, Europa osoan ere lehenengoa izan arren.
Xiringak erabiltzen direneko osasun-jardueretan GIBaren kutsapena herri garatuetan ezinezkoa da, beti material esterila erabiltzen baita, baina hirugarren munduko herri batzuetan, osasun azpiegitura oso kaxkarra denez, baliabideen eskasiak ez du ahalbidetzen injekzio edota sendaketa materiala egokiro esterilizatzea.

Tatuajeak, piercingak...

Larruazala zulatu dezaketen eta odol kutsatuak jota egon daitezkeen tresnak erabiltzea (esate baterako, tatuaje, piercing, akupuntura edota depilazio elektrikorako orratzak) arriskutsua da, baldin eta material esterila edota pertsona bakoitzarentzat berria erabiltzen ez bada.

Transfusioa

Transfusioa zen gaixotasuna kutsatzeko modu argiena, pertsona baten odol kopuru handia beste batenean sartzen baita. Lehenengoak GIB askea eta linfozito kutsatuak badauzka, hauek zuzenean hartzailearengana igaroko dira. Kutsapen modu honi gaixotasuna ezagutu eta epe motzera antzemandako kasu asko zegozkion, baina laster deskubritu zen, eta osasun-zerbitzuen esku jarri zen GIBa odolean antzemateko froga bat.
1985az geroztik Mendebaldeko herri gehienetan, Espainia barne, eskuragarri dago froga hori, transfusioetarako ematen den odol guztia aztertzeko erabiltzen dena; hortaz, kutsatzeko modu hau ia-ia desagertu egin da (egun, kalkulatzen da arriskua dela kasu 1 500.000 transfusioko).

Hemoderibatuak

Horrela deitzen zaie odolaren ondorioz lortutako hainbat produkturi, gaixotasun hematikoak (hemofilia, adibidez) sendatzeko erabiltzen direnak. Egun hauek ere ezin dira GIBa kutsatzeko bide bat izan derrigorrean GIBa antzemateko frogetan emaitza negatiboak eman dituzten odolekin ekoizten baitira.

Istripu sanitarioak


GIBdunak diren pertsonei egindako ebakuntzetan osasun-langileek edukitako istripuengatik ere kutsapena gerta daiteke, baina zorionez maiztasuna oso txikia da, 3 kasu material kutsaturekin izandako 1.000 istripuko. Istripu ohikoena (% 90) odola ateratzeko edota injektatzeko erabili diren orratzekin ziztatzea da, kutsatu baten odolak sendatzen ari den pertsonaren muki-mintza edota larruazal urratua zipriztintzen duenean ere gerta daitekeen arren. Arriskua orduan da kasu 1 1.000 kasuko edota 4 kasu 10.000 kasuko, hurrenez hurren. Honela, odolean dagoen GIBak larruazalean dagoen zauri batetik edota muki-mintzetan zehar sartzeko bidea aurkitzen du. Arazo hau gehien pairatzen dutenak erizainak eta laborategiko teknikariak dira.
Honela eragindako kasu guztiak herrialde garatuetan zorrotz jasotzen dira, eta 1996an 88 ziren, ohikoagoak direlarik gaixotasunak eragin handiagoa duen eskualdeetan.

Organoen transplanteak

Emandako organoan (bihotza, giltzurruna,...) kutsadura antzeman dezaketen frogak egin ezean kutsapena gerta daiteke, baina egun froga hauek transplantearen aurretik egin egiten dira.


Kkutsapen perinatal:ama seropositiboarengandik honen umearengana

Emakume haurdun batengan dagoen GIBa bere seme-alabarengana karenaren bidez (hau da kutsapen bertikala deitzen dena), erditzean baginako jariakinekin edo/eta amaren odolarekin izandako harremanagatik eta edoskitzaroan ama-esnearen bidez igaro daiteke.
Baina ama GIBadun baten umeak ez du beti kutsadura bereganatzen, kasuen % 85ean birusak ez du umetxoa kutsatzen. Zenbat eta handiagoa izan amaren birus-karga, hainbat eta handiagoa izango da kutsatzeko arriskua, hau dela eta, emakumea dagoen kutsadura faseak zein birusaren erreplikazioa ekiditeko tratamendua jasotzeak eragina dute. Egun, dauden tratamenduekin, ama seropositiboengandik GIBak kutsatuta jaiotzen diren umeen kopurua % 3 da.

Jaio berri batengan GIBaren kontrako antigorputzak egoteak ez du ezinbestean esan nahi umea kutsatuta dagoenik. Haurdunaldian, eta batik bat honen bukaeran, amak gaixotasun askoren aurka (difteria, elgorria,...) sortutako antigorputz asko umearengana igarotzen dira, lehenengo hilabetean umea babesteko, eta geroago desagertuko direnak. Beste horrenbeste gertatzen da GIBaren kasuan. Baina umea benetan kutsatuta badago, iraungo duten berezko antigorputzak sortuko ditu. Beraz, hamazortzi hilabete igaro ondoren umeak jarraitzen badu GIBaren kontrako antigorputzak edukitzen, benetan kutsatuta dago. Hala ere, birusa bilatzen duen PCR antzemate-teknikek ahalbidetzen dute hainbeste hilabete itxaron behar ez izatea jakiteko umetxoa kutsatuta dagoenentz.

cómo evitar la  transmisión madre-hij@


nola ez da kutsatzen GIB-a

Gaixotasun kutsakorrak menperatuta omen zituen munduaren harridurak holako gaixotasun baten aurrean, gaixotasunaren larritasunak eta, gaixotasuna berria izateagatik, ezagutza zientifikoen faltak hasieran GIBa kutsatzeko beste ustezko bide batzuei buruzko informazio oker eta nahasiak eragin zituzten.
Aspaldi ezagutzen dira erabat ondo zeintzuk diren kutsatzeko bideak, beraz, zurrumurru horiek behin betiko desagerrarazi behar dira.
GIBaren kutsadura, era okerrean, adurrari, eltxoen ziztadei, larruazal osasuntsuarekiko harremanari eta odola emateari lotu zaie. Lotura hauek guztiak gezur hutsa dira.
Beharrezkoa da oso argi edukitzea zeintzuk diren GIBa kutsatzeko bideak, prebentzio neurri beharrezkoak hartzeko eta gauzak ulertzea zein osasun-jokabide egokia hartzea zailtzen duten oker horiek bertan behera uzteko.

Adurra

GIBa adurraren bidez kutsatu daitekeelako ideia gezurra da. Oker honen oinarria da kutsatutako pertsonen jariakin honetan birusa isolatu daitekeela, baina, edozein eragile kutsakorren zabalpena suerta dadin, agertzea ez ezik, kopuru nahikoan agertzea ere beharrezkoa da.
Hau oso argi erakusten du zientzialari batzuek azaldutako ideia honek: pertsona bat adurraren bidez kutsatzeko, 20-25 ml adur irentsi beharko luke, errealitatean inolaz ere gertatzen ez dena.
Adurraren bidezko kutsadura ezinezkoa izateak zera esan nahi du: edalontziak edota mahai-tresnak, eskuoihalak, eta abarrekoak partekatzeagatik zein musukatzeagatik kutsadurarik ez dagoela.

Eltxoen ziztadak

Eltxoek ezin dute ziztaden bidez GIBa kutsatu. Ziztatzean odola irensten duten intsektuak badira ere, honek ez du esan nahi odolean dauden gaixotasun guztiak kutsatu ditzaketenik. Eta kasu honetan ez da soilik kantitatearen kontua.
Eltxoek paludismoa eta sukar horia kutsatzen dituzte, baina eulitxo mota berezi bana da kasu bakoitzean eta ezin dira trukatu.
Arkakusoek izurria kutsatzen dute, baina, paludismoak jotako pertsona bat ziztatu arren, ezin dute bigarren gaixotasun hau kutsatu; era berean, eltxoek ezin dute izurria kutsatu, pertsona kutsatu bat ziztatuta ere.
Ez da aurkitu GIBa kutsatzeko gauza den intsekturik, ezta kutsadura hedatuen dagoen eta horrela kutsatutako gaixotasunak ohikoenak diren Afrikan ere.


Larruazalarekiko harremana

GIBa ezin da kutsatu larruazal osasuntsuarekiko harremanaren bidez. Honen froga da egunero edota denbora luzean gaixo batekin bizi diren pertsona ugari (senideak, bikotekidea, lagunak) edota paziente hauekin ospitalizazio guneetan lanean diharduten osasun-langileak. Istripu baten ondorioa izan direnak izan ezik, ez da inoiz holako kutsapenik gertatu.
Bizikidetzak (adibidez, ohe berean lo egitea, komun berberak eta arropa berbera erabiltzea, baita elkar musukatzea ere) ez du arriskurik, ez badago preserbatiborik gabeko koitorik.


Odola ematea

Odola emateak ez du GIBa hartzeko inolako arriskurik. Odola ematea erabateko asepsiarekin egiten da, beste edozein jarduera sanitario moduan. Erabat desberdina da odola ematea eta hartzea.

Hainbat galdera...

Kutsatu naiteke semen aurreko isurkariarekin? Ez da frogatu bide honen bidezko kutsadurarik, baina semen aurreko isurkaria isurkari kutsatua izan liteke eta, hortaz, GIBaren kutsapena eragin lezake.

Musu sakonek hiesa kutsatzen dute? Ez. Ez da frogatu hiesa adurraren bidez kutsatzen denik.

Zenbat denbora irauten du bizirik GIBak giza organismotik kanpo? Hiesaren birusa organismotik kanpo oso ahula da, erraz indargabetzen da, kutsatzeko gaitasuna azkar galtzen du eta ezin da ugaldu.

Zergatik ez da kutsatzen GIBa etxeko animalien bidez? Ez da frogatu etxeko animalien bidezko ezta kasu bat bera ere. Arrazoia zera da, GIBa animalia hauetan ez dela aktiboki ugaltzen, eta, ondorioz, ez dago kutsatzerik.

GIBak soilik pertsona talde zehatz bati eragiten al dio? GIBak kutsapena ekiditeko neurririk hartzen ez duen edonor jo dezake. Garrantzia dute garatzen diren jokabideek. Ez dago arrisku talderik, arrisku jokabideak baizik.