Kutsadura biriko baten diagnostikoa egiten da jakitearren pertsona bat kutsatuta dagoenentz. Hainbat eratara egin daiteke: gaixotasuna eragiten duen birusa edota beronen produkturen bat zuzenean antzemanez (metodo zuzenak), edota pertsonaren odolean birusaren kutsaduraren ondorioz sortzen diren antigorputzak antzemanez (zeharkako metodoak).
GIBaren proba odol-analisi bat da, honen bidez birusaren
kontrako antigorputzak bilatzen dira, eta era boluntario, informatu, konfidentzial,
lagundu eta aholkatuan egin behar da. Garrantzitsua da jakitea nola garatzen
den gaixotasuna GIBak kutsatutako pertsonarengan, baita kontuan hartzea ere
ea kutsaduraren lehen fasean, kutsadura asintomatikoarenean, edota hiesaren
fase aurreratuago batean dagoenentz.
Kutsaduraren fasearen arabera, diagnostiko teknika batzuk bestetzuk baino
erabilgarriagoak izan daitezke. Esate baterako, lehen kutsapenean edota leiho
garaian (lehenengo hiru hilabeteetan) metodo zuzenak erabilgarriagoak dira
jakiteko pertsona bat kutsatuta dagoenentz. Lehen kutsapenaren ondoren, eta
gaixotasuna bukatu arte, diagnostiko metodo gisa GIBaren kontrako antigorputzak
pertsonaren odolean antzemateko proba erabiltzen da.
Leiho garaia
Gure sistema immunologikoak edozein birus antzematean birusen kontra borrokatzen
diren zelula batzuk sortzen ditu: antigorputzak. GIBaren birusa organismoan
sartzen denean honek denbora epe zehatz bat behar du birus zehatz horren kontrako
antigorputzak sortzeko. Denbora epe hau 3-12 aste artekoa da. Epe horri "leiho
garaia" deitzen zaio, eta bertan GIBak kutsatutako pertsona batek beste
pertsona batzuk kutsatu ditzake, nahiz eta probaren bidez (odol-analisia)
ez antzeman. Lehen begiratu batean EZIN da jakin pertsona batek GIBa daukanentz.
Beraz, kontuan hartu behar dugu arrisku-jokabide baten ostean hiru hilabete
igaro behar direla GIBaren proba era fidagarrian egin ahal izateko.
Non egin daiteke proba?
Sistema publikoan proba doakoa da, eta egin daiteke bai ospitaleetan, bai
lehen mailako atentzioko zentroetan.
Gasteizen
GIBaren proba, ospitaleetan eta lehen mailako atentzioko zentroetan ez ezik,
Etengabeko Atentzioko Gunean ere egin daiteke, zentro honetan proba erabat
anonimoa (ez da inolako agiririk aurkeztu behar), doakoa eta aldez aurreko
hitzordurik gabea da.
| ETENGABEKO ATENTZIOKO GUNEA (EAG): |
| Santiago
kalea, 7 ORDUTEGIA: astelehen eta astearteetan, arratsaldeko 3,00etatik 4,30ra arte EMAITZA ASTEBETE BURUAN EMATEN DUTE |
Zeintzuk dira GIBaren kutsaduraren sintomak?
Ez dago berariazko sintomarik, hots, hiesaren kutsadura dagoenentz jakinarazi
dezakeen sintomarik. Pertsona bat kutsatu denentz jakiteko egiazko era bakarra
GIBari buruzko berariazko proba egitea da.
Zer esan nahi du emaitza positibo batek?
Emaitza positibo batek EZ du esan nahi pertsona horrek hiesa duenik, baizik
eta seropositiboa dela. Hau da, GIBak jota dagoela, eramailea dela, eta beste
pertsona batzuk kutsatu ditzakeela. Zer egin behar dut kutsatuta banago? Sendabiderik
ez badu ere, gehiago eta hobeto bizitzeko tratamenduak badaude. Egun 2-5 farmakoen
arteko konbinazioak hartzea badago, oso garrantzitsua da tratamenduak estuki
jarraitzea. Tratamendu hauek ahalbidetzen dute bizitza kalitate onari eustea.
Gauza bera al da seropositiboa izatea eta hiesa edukitzea?
GIBak eragiten duen kutsadura garapen motelekoa da, hainbat urtetakoa, denbora
honetan zehar birusak immunitate-sistemaren zelulak suntsitu egiten ditu.
Denboraldi honetan ez dago birusa egotea adierazten duen sintomarik, baina
pertsona batek GIBa bereganatzen duenetik birusaren eramailea edo seropositiboa
da, eta beraz kutsatu dezake. Pertsona seropositibo (GIB+) da GIBak kutsatuta
egon arren HIESa garatu ez duena. Itxuraz egoera fisikoa normala bada ere,
birusa kutsa dezake.
ZEHARKAKO METODOAK
GIBaren kontrako antigorputzak normalean birusaren
eraginpean egon osteko bi-hiru hilabetetara antzematen dira, eta pazientea
seronegatiboa izatetik (hots, odol-gaurrean antigorputzik ez dago) seropositiboa
(odol-gaurrean antigorputzak antzematen dira) izatera igarotzen da. Kutsaduraren
fase honi serokonbertsioa deitzen zaio.
Diagnostikoa ezartzeko GIBaren kontrako antigorputz horiek antzeman behar
dira. Bi proba mota egiten dira kutsatuta egon daitekeen pertsonaren odolean:
• BAHE-PROBAK
Hasteko eta behin, bahe-proba deritzenak egiten dira, proba hauek ez dute
negatibo faltsurik eragiten, hau da, pertsona kutsatu guztiengan emaitza positiboa
ematen dute. Aitzitik, badago aukera GIBak kutsatuta ez dauden pertsonengan
positibo faltsuren bat emateko. Beraz, bahe-proba baten ondoriozko odol-gazur
positibo oro berrespen-proba baten bidez aztertu behar da.
Erabili ohi diren bahe-probak honakook dira: ELISA metodoak, aglutinazio-probak,
Dot-blot proba eta metodo fluorimetrikoa. Dena dela, egun gehien erabiltzen
direnak ELISA metodoak dira.
• BERRESPEN-PROBAK
Berrespen-teknikaren bidez lortutako emaitza positibo orok adierazten du pertsona
hori GIBak jota dagoela.
Egun dauden berrespen-probak honakook dira: Western-blot (erabiliena), immunofluoresentzia
ez-zuzena, immunitate-erradiohauspeatzea eta lineako immunitate-proba.
METODO ZUZENAK
GIBaren edota beronen produktuetariko baten presentzia
probatu dezaketen metodo zuzen nagusiak honakook ditugu: birusa isolatzea;
beronen geneen zati zehatzak antzematea, PCR izeneko teknikaren bidez; eta
p24 antigenoa antzematea, azken hau da GIBa ezaugarritzen duen birus-proteina
bat. Metodo hauek guztiak pazientearen odol-lagin batean erabili daitezke.
• GIBa isolatzea
GIBa isolatzea normalean pertsonaren linfozitoak erabiliz egiten da, emaile
osasuntsu baten linfozitoekin batera in vitroko hazkuntza-teknika berezi baten
bidez.
Garrantzitsua da kontuan hartzea egun teknika honek ahalbidetzen duela GIBa
isolatu ahal izatea oso kopuru txikiekin, hots, mikrometodo direlakoekin,
batik bat umetxoen kasuan, hauei atera dakizkiekeen odol-bolumenak oso mugatuak
direlako. Isolatze teknikaren bidez lortzen bada pertsonaren odolean GIBa
isolatzea, kutsaduraren diagnostikoa baieztatu egiten da.
• PCR teknika. Metodo honen bidez lortzen da pazientearen odolean dagoen
birusaren geneen zati zehatz bat antzematea, eta aukeratutako zati horren
milioika errepika egitea; horrela probatu daiteke birusaren presentzia odolean,
nahiz eta kopurua oso txikia izan.
• p24 antigenoa antzematea. p24 antigenoa GIBa ezaugarritzen duen birus-proteina
bat da, beraz, pertsona bat kutsatuta badago, bere odolean agertuko da eta
horrela GIBaren kutsaduraren diagnostikoa baieztatuko da.
Noiz erabil daitezke metodo zuzenak?
Diagnostikoa egiterakoan, badago egoera berezi bat, zeinetan metodo zuzenak
erabat baliagarriak diren: GIBak kutsatutako amen umetxo jaioberrien diagnostikoa,
izan ere, umetxo hauen kasuan, lehenengo 15-18 hilabetetan amaren antigorputzak
edukitzen dituzte, karenaren bidez jasotakoak, beraz, bahe- eta berrespen-probek
emaitza positiboa ematen dute, baina ez ezinbestean umea kutsatuta dagoelako,
baizik eta amaren antigorputzak dauzkalako.
Egon al daitezke emaitza faltsuak metodo zuzenekin?
Metodo zuzenak egokiro erabiliz gero, emaitza positibo oro fidagarria izango
da.
Kutsatutako amen umetxo jaioberrien diagnostikoari buruzko kontuak
GIBak kutsatutako amen umetxo guztiak ez daude kutsatuta.
Erretrobirusaren kontrako tratamendurik egon ezean, % 15-30 birusak kutsatuta
suertatzen dira, eta % 70-85 ez. Hau dela eta, oso garrantzitsua da umetxo
hauen diagnostikoa ahalik eta goizen burutu ahal izatea. Egun, badaude berariazko
tratamenduak haurdunaldian zehar seme-alabari birusa kutsatzeko arriskua modu
eraginkorrean, % 3ra arte, gutxitzen dutenak.
DIAGNOSTIKO AZKARREKO METODOAK
Badaude metodo erraz eta azkarrak oso minutu gutxitan
odol-lagin batean GIBaren kontrako antigorputzen presentzia antzematea ahalbidetzen
dutenak. Hauek dira aglutinazioa eta Dot-blot bahe-probak, beraz, behin betiko
diagnostikoa ezarri nahi izanez gero, emaitza positiboak onartutako berrespen-probaren
baten bidez berretsi beharko dira.
Aglutinazio-probak oso baliagarriak dira, merkeagoak eta erabilerrazak direlako,
eta lagin kopuru handi bat aztertu ahal izateko egokitu daitezkeelako. Garapen
bidean dauden herrialdeetan, larrialdietan eta transplanteetan erabiltzeko
egokiak dira.
Dot-blot metodoa ere egiten erraza da, baina garestia. Larrialdietan eta autopsietan
egokia da, hots, lagin gutxi daudeneko egoeretan. Baina lagin asko aztertu
beharra badago, ez da praktikoa.
LISTU- ETA GERNU-LAGINETAN DIAGNOSTIKATZEKO METODOAK
1991z geroztik hainbat metodo garatu dira antigorputz
kopuru txikia duten jariakinak, esate baterako, listua eta gernua, aztertzeko.
Metodologia hau interesgarria izan daiteke batik bat kutsatutako amen ume
jaioberriengan kutsadura diagnostikatzeko, horrela odola maiz atera behar
izatea ekidin daitekeelako, edota biztanleria talde handietan kutsadurari
buruzko azterketa zabalak egiteko.
GIBaren kasuan, beste
patologia batzuetan bezalaxe, diagnostikatzeko proba bat egin nahi duen pertsonak
informazioa jaso behar du, bere egoera serologikoa ezagutzeak dituen abantailak
eta arriskuak baloratu behar baititu. Ezagutzeko abantailak dira tratamendua
eta nork bere burua zaintzeko zein beste batzuei ez kutsatzeko neurriak hartzea.
Hala ere, emaitzaren beste balizko ondorio batzuk ere aldez aurretik baloratzeko
aukera eman behar da, esate baterako, ingurune psikoari zein bizitza pertsonal
eta sozialari dagozkienak baloratu ditzan, hots, ea holakoei aurre egiteko
moduan dagoenentz. Probak ekar diezazkion "bigarren mailako" ondorio
edota efektu hauek arlo psikosozialari dagozkio.
Emakume haurdunen eskaera serologikoak kutsadura bertikala eragotzi dezake,
baita tratamendu aukera eman eta aurreragoko kutsadurak ekidin ere. Borondatezkoa
izan behar da, eta aldez aurretik informazioa eduki behar du, erabakia zaila
delako. Emakumea seropositiboa izanez gero, beste erabaki zail bat izango
da haurdunaldiarekin jarraitzea edo ez.
Borondatezko eskaera izateaz gain, OMEk zera dio: "osasun publikoaren
ikuspuntutik, gizabanakoaren eskubideak murrizten dituen neurri orok ez du
zentzurik, bereziki derrigorrezko antzematea ezartzen badute".
GIBaren kontrako antigorputzak antzemateko proben eskaera soilik
da zilegia, baldin eta interesatuak baimentzen badu eta pisuzko arrazoi garrantzitsuak
badira, esate baterako, diagnostikoa ezartzea, tratamendua abiaraztea edota
prebentzio jokaera bat aholkatzea.
GIBaren diagnostiko proben emaitzak soilik erabilera klinikoa eduki behar
du, eta pazienteari jakinarazi behar zaio.
Soilik pazientea adingabea bada edota juridikoki ezinduta badago, zilegi da
gurasoei edo tutoreei jakinaraztea.
| EZ IZAN ZALANTZARIK, GALDEIGUZU |