Ÿ Espainian eskura daitezkeen erretrobirusaren kontrako botikak
Ÿ GIBaren erresistentzia erretrobirusaren kontrako tratamenduen aurreran
Ÿ erretrobirusaren kontrako tratamendua emakume GIB+ haurdunarengan
Ÿ erretrobirusaren kontrako tratamenduari atxikimendua
Ÿ kutsadura oportunistak: prebentzioa

Erretrobirusaren kontrako tratamenduen agindu orokortuak GIBaren kutsaduraren ondoriozko heriotza-tasari zein erikortasunari dagokienez aurrekarik gabeko jaitsiera ekarri du. Oraingoz, eta birus-kargaren ezabaketa iraunkorra lortuko bada, tratamendua epe mugagabean gauzatu behar da. Testuinguru honetan medikazioari lotutako bigarren mailako ondorioak agertzea ekidinezina da. Erretrobirusaren kontrako botiken toxikotasuna normalean tratamenduari ekin eta gutxira agertzen bada ere, bigarren mailako hainbat ondorio hilabeteak eta, batzuetan, urteak igarota agertzen dira. Botika hauen intolerantziak zein toxikotasunak tratamenduari atxikimendua larriki zaildu dezakete eta, hortaz, porrot terapeutikoa eragin dezaketen erresistentziak agerrarazi.

Alderantzizko transkriptasaren nukleosido edota nukeotido inhibitzaileen bigarren mailako ondorioak toxikotasun mitokondrialaren bidez sor daitezke, honek fosforazio oxidatibo mitokondriala eragiten du. Mekanismo hau dela-eta, bigarren mailako hainbat ondorio sortzen dira: anemia, neuropatia periferikoa, miopatia, bihotzeko miopatia, pankreatitisa, hepatomegalia, esteatosi hepatikoa, hepatitisa, azidosi lakteoa, mielotoxikotasuna eta giltzurrunetako erdialdeko tutuen asaldura. EZ-nukleosidoen bigarren mailako ondorio ohikoena exantema da. Holako botika batekin hasten diren pazienteen % 15-30ek jasaten dute, normalean tratamenduaren lehenengo hamabostaldian. Pazienteen % 5ek arrazoi honengatik utzi behar izaten dute tratamendua.
Proteasaren inbihitzaileei loturiko bigarren mailako ondorioari lipodistrofia deitzen zaio. Bere ezaugarri nagusiak dira metabolismoaren asaldurak (hiperlipemia eta intsulinari erresistentzia) eta gorputz-gantzaren birbanaketa (erdialdeko obesitatea eta larru azpiko gantz periferikoaren galera). Erdialdeko obesitatea sabelaren barneko, titietako edota lepo eta bizkarraldeko gantza handitzearen bidez nabarmentzen da, eta larru azpiko gantzaren galera, berriz, aurpegian, besoetan, hanketan eta ipurmasailetan. Hipertriglizeidemia eta hiperkolesterolemiaren tasa % 50etik gorakoa izaten da, eta diabetea % 5etik beherakoa. Gorputz-gantzaren birbanaketa (lipodistrofia) ikerketaren diseinuaren araberakoa aldatzen da, baina bi urteko tratamenduaren ondoren % 20koa izan ohi da. Proteasaren inhibitzaileei lipodistrofiaren sindromearen patogenia leporatzen bazaizkie ere, ez dago erabat frogatuta harreman kausala. Alde batetik, denbora luzean proteasaren inhibitzaileen tratamendua eraman duten pertsona guztiek ez dute lipodistrofia jasaten; beste aldetik, badaude lipodistrofiaren kasuak proteasaren inhibitzailerik inoiz erabili ez duten pertsonengan. Beraz, eta proteasaren inhibitzaileek eduki dezaketen eraginaren arren, lipodistrofiaren sindromearen patogenian bestelako faktoreek ba omen dute zerikusirik: erretrobirusaren kontrako tratamendua, GIBaren kutsaduraren bilakaera edota pertsonaren beraren izaera.

Lipodistrofiak bizitza kalitatea eta tratamenduari atxikimendua arrisku larrian jar ditzake; kasu guztietan gaixoari laguntza psikologiko egokia eskaintzeko aukera aintzat hartu beharko litzateke.
Erretrobirusaren kontrako tratamenduak ezinbestean toxikotasun arriskua ekartzen du. Ez da aurreikusten datozen urteetan botiketan aldaketa kualitatiborik. Hori dela eta, beharrezkoa da tratamendu estrategiak garatzea epe motzean zein luzean toxikotasun arriskua gutxitzearren. Beraz, beharrezkoa da adi egotea botiketan aldaketak azkar eta seguru egiteko, GIBaren aurrerakada ekiditearren eta, ahal den heinean, bigarren mailako ondorioak hobetzearren. Bakarrik honela jokatuz gero, lortuko dugu gaixoek botiken toxikotasuna GIBaren kutsaduraren beraren aurrerakada baino ikaragarriagotzat har ez dezaten.


ANEMIA. AZTri lotu ohi zaio. Dosiaren araberako ondorioa da. Egungo dosiekin (500-600 mg/eguneko) ondorio honen eragina % 5etik beherakoa da. Anemia maila larria bada, AZT kendu eta hematien transfusioak egin egiten dira.
MIOPATIA. Mialgien edota giharren ahultasunaren bidez azaltzen da. Eragina % 8 da. AZTri lotu ohi zaio, berandu agertzen da (tratamendua hasi eta 6 hilabeteetara). AZT kendu egiten da eta, batzuetan, kortikoideak eman.
NEUROPATIA. Ddc, ddI eta d4T izenekoei lotzen zaie. Hanketako eta besoetako mina eta inurridura nabaritzen dira. Eragina botikaren araberakoa izaten da, batez bestekoa % 21-40 artekoa da. Eragiten duen botika kendu ezean, arazoak gero eta larriagoak izaten dira, dena dela asaldura arina bada botikari eusten zaio. Kasu larrietan botikaren tratamendua bertan behera utzi behar da, eta tratamendu sintomatikoa gauzatu, hilabeteak, baita urteak ere, igaro daitezke sintomatologia desagertu arte. Erabilitako tratamendu sintomatikoa askotarikoa da: dardararen kontrakoak, gabapentina eta, mina oso handi izanez gero, opiazeo eta anestesikoak ere erabiltzen dira.
TOXIKOTASUN NEUROPSIKIKOA. Efavirenz izenekoaren berariazko ondorioa da, % 40ko eragina daukana, eta normalean tratamenduaren lehen hilabetean agertzen dena, geroago intentsitatea gutxitu edota desagertu egiten delarik. Sintoma klinikoak ez dira oso zehatzak, besteak beste, honakook azaldu daitezke: zorabioak, antsietatea, logura, aldez aurretiko arazo psikikoak larritzea, eta lokomozio-aparatuaren asaldurak (moteltzea edo mugitu ezin izatea). Ondorio hau leundu daiteke efavirenz lotara joan aurretixe hartuz, benzodiazepinekin eta neuroleptikoekin ere hobera egiten du.
EXANTEMA. Larruazaleko negal edota orban bat da. Normalean ez-nukleosidoei lotutako ondorioa da: Nevirapina (% 17ko eragina) eta Efavirenz (% 10eko eragina); nevirapinaren kasuan pixkanakako dosiak erabiltzeak exantemaren arriskua gutxitzen du. Honez gain, proteasaren inhibitzaileen (% 3'5eko eragina) eta nukleosidoen (% 1eko eragina) kasuan ere agertu daiteke, azken horien artean oso kontu handiz ibili behar da Abacavir hartzen duten pertsonen kasuan, hilgarria izan baitaiteke tratamendua eteten ez bada edota berrabiarazten bada. Kasu larrienetan sukarra eta mintzetako, biriketako, gibeleko edota odoleko asaldurak egon daitezke. Tratamendua botika behin-behinean edota behin betiko uztean eta antihistaminikoak edota kortikoideak hartzean datza.
HEPATITISA. Transaminasak igotzea asaldura ohikoa da GIBak jotako pertsonengan, eta arrazoia izan daiteke hepatitis kroniko batek eragindako aparteko kutsadura edota botikek eragindako toxikotasuna, azken hauek gibelean metabolizatzen baitira. Nukleosidoen (ddI, AZT), ez-nukleosidoen (nevirapina, efavirenz, delavirdine), edota proteasaren inhibitzaileen kasuan azaldu daiteke. Tratamendua behin-behinean edota behin betiko uztean datza.
URDAIL-HESTEETAKO TOXIKOTASUNA. Sintomak sabeleko mina, goragalea, oka eta beherakoa dira. Nukleosidoei lotzen zaie (batik bat ddI zaharrari, arazoa eragiten zuen eszipiente bat zeukalako). Proteasaren inhibitzaileekin ere ohikoa da: ritonavir (% 40ko eragina) eta indinavir, nelfinavir eta amprenavir (% 25eko eragina). Urdail-hesteetako asaldurak oso gutxitan dira larriak, eta askotan tratamenduaren lehenengo hilabeteak igarotzearekin batera desagertzen dira.
NEFROLIATISIA. Indinavir izenekoaren berariazko ondorioa da, giltzurrunetatik kanporatzen baita. Gerrialdeko min kolikoa eta giltzurrun-harriak azaltzen dira. Eragina % 10-15 artekoa da, eta egunean 1,5-2 litro ur edanez gutxitu daiteke. Behin baino gehiagotan gertatuz gero, gomendatzen da indinavir ez hartzea.
METABOLISMOKO ASALDURAK. Asaldura hauek lotzen zaizkie proteasaren inhibitzaileei. Sintomatologia elkarturik ez duten asaldura analitikoak dira. Hiperlipemia (gantz gehiegi odolean), triglizerido eta kolesterol maila handiekin. Gaixoaren dieta aldatu behar da animalia-gantz oparokoa bada eta triglizeridoen eta kolesterolaren maila 400 mg/dl-tik gorakoak badira, kasu honetan fibratu edota estatinetan oinarritutako tratamendu bat abiarazi behar da. Hala eta guztiz ere maila horiek altuak izaten jarraitzen badute, proteasaren inhibitzaileen tratamendua bertan behera utzi behar da.
Diabetea agertuz gero, botika hauekin jarraitzeko aukera gaixoaren larritasunaren baitan egongo da. Zetoazidosi kasuan zentzuzkoena da proteasaren inhibitzaileen bidezko tratamendua bertan behera uztea eta intsulinarekin tratatzea. Kasu arinetan edota klinikarik gabekoetan, dieta bat edota dieta bat gehi diabetearen kontrako ahozko botikak erabil daitezke, glizemia mailaren arabera.
LIPODISTROFIA. 1999az geroztik lipodistrofia sindromearen izenpean eraginkortasun handiko terapien erabilerari lotutako hainbat arazo deskribatzen hasi ziren. Honetan eragiten duten botikak batik bat dira proteasaren inhibitzaileak eta nukleosidoen analogoak. Gorputz-gantzaren birbanaketa dela eta, eta berariazko tratamendurik ez dagoenez, hartu beharreko lehenengo neurria izango litzateke proteasaren inhibitzaileen ordez ez-nukleosido bat erabiltzea. Tratamenduei dagokienez, honakook saiatu dira: dieta, ariketa fisikoa, fibratuak (hipertriglizerdidemiarako), estatinak (hiperkolesteromiarako), troglizatona (intsulinaren sentikortzaile bat) eta hazkundearen hormona. Azkenik, kirurgia plastikoa beste alternatiba bat izan daiteke aldaketa morfologiko zehatzetaraKo, esate baterako, titietako hipertrofia, "bufaloaren konkorra" (lepoaldean gantza metatzea) eta aurpegiko lipoatrofia.
.

EZ IZAN ZALANTZARIK, GALDEIGUZU