GIBaren kontrako botikek
ez dute kutsadura ezabatzen, baina bai erretrobirusaren ugaltze-zikloaren
hainbat fase blokeatzen dituztela, beronen hedapena ekidinez. Egun hiru botika
edota gehiagoren konbinazioak erabiltzen dira, oso terapia korapilatsua da,
eta pertsonaren arabera emaitzak oso desberdinak izan daitezke, hala ere,
frogatuta dago erretrobirusaren kontrako tratamenduak gaixotasunaren hedapena
murriztu egiten duela, baita pertsona GIBdunen sistema
immunologikoa hein batean berreskuratzea ahalbidetzen duela ere. Arlo
hau etengabeko bilakaeran dagoenez, gomendioak noizean behin aldatu egiten
dira.
Tratamenduek ez dute lortzen birusa ezabatzea, hiru botikako konbinazioko
tratamenduak agertu zirenean pentsatu zen agian hori posible izango zela,
baina geroago, birusaren hainbat gordailu zeudela egiaztatu zenean, onartu
behar izan zen egungo baliabideekin hori ezinezkoa dela.
Egun erretrobirusaren kontrako medikazioak GIBaren kutsadurari
lotutako heriotza-tasa gutxitzeaz gain, kutsatutako pertsonen bizi-itxaropena
ez kutsatutakoenaren antzeko izatea ekarri du.
1996an erretrobirusaren kontrako terapia oso indartsua (HAART, highly active
antiretroviral therapy) agertu zenez geroztik, pertsona GIBdunen heriotza-tasa
zein hiesaren eragina gutxitu egin dira. Zenbat eta birus-kargaren jaitsiera
handiagoa eta denbora tartea luzeagoa izan, gero eta erretrobirusaren kontrako
tratamenduaren onurak handiagoak dira.
Erretrobirusaren kontrako tratamendua bizitza osorakoa da, beraz, oso garrantzitsua
da ondo jakitea zer den eta nola funtzionatzen duen.
Noiz hasi tratamendua?
Tratamendua hastea erabaki garrantzitsua da, botikak gaizki erabiltzeak ondorio
txarrak ekar ditzakeelako. Tratamenduaren helburua da jasotzen duten pertsonek
sufrimendu klinikorik EZ jasatea, hau kasu gehienetan lortzen da odol periferikoko
CD4 linfozitoen kopuru onargarriei eutsiz. CD4ak
gutxitzen direneko abiadura biremiaren (edo birus-kargaren)
proportzionala da. Birus-kargak oso ondo islatzen du tratamenduaren eraginkortasuna.
Tratamenduari ekitea gaixotasunaren agerpen klinikoak hasi direnean
edota narriadura immunologikoa handia denean beranduegi izan daiteke.
Birus-karga neurtzeko sistema abiarazi zenez geroztik, parametro hau erabiltzen
da tratamendua hasteari buruzko erabakiak hartzerakoan, eta horrela, birus-kargaren
kontrolaren bidez, CD4en jaitsierari zein egon daitezkeen beste arazo klinikoei
aurrea hartzen zaie.
Erretrobirusaren kontrako tratamendua hasteko birus-kargaren mugak denboran
zehar aldatu egin dira, baina orokorrean 5.000-10.000 errepika/mL-ko zenbatekoak
aintzat hartzen dira. Orain dela gutxi, dauden baliabideekin birusa desagerrarazteko
ezintasuna frogatu zenean eta botiken ondorio toxikoak zein tratamendua denbora
luzean egokiro betetzeko zailtasunak antzeman zirenean, zera ondorioztatu
zen, tratamendu bakoitza banan-banan zehaztu eta terapia ahalik eta gehien
atzeratu beharra zegoela, pertsonen segurtasunari eusteari begira.
2001eko otsailean AEBetako Osasun eta Giza Zerbitzuen Sailak emandako azken
gomendioen arabera. tratamenduari ekin behar zaio pertsonak 350 CD4/mm3 baino
gutxiago baditu edota birus-karga 30.000 errepika/mL-tik gorakoa bada.
Sendagileak tratamenduari ekiteko beharra adierazten duenean, gaixoak sinetsi behar du esfortzuak merezi duela, eta egokiro betetzen saiatu behar da. Informazioa nahikoa eduki behar du erabakia hartu ahal izateko. Sendagileak gaixoari informazio guztia azaldu behar dio: nola hartu tratamendua, egon daitezkeen bigarren mailako ondorioak, bizimoduko aldaketak (ordutegiak, otorduak,...), baita botika desberdinak konbinatzeko aukerak ere, pilula eta dosi kopuru desberdinak baliatuz. Egon daitezkeen zalantza guztiei erantzun behar zaie, gaixoak ziurtasun osoz erabakia har dezan.
Erretrobirusaren kontrako tratamenduari ekitea erabakitzen denean, birusaren errepika kontrolatzeko gai izango den erregimen indartsu bat erabili behar da. Egun helburu hau lortu eta denboran zehar berari eustearren hainbat botika batera hartzea beharrezkoa da. Hiru botika batera hartzeak helburu hau betetzea ahalbidetzen du. Frogatuta dago botika bat edo bi hartzeak ez duela behar adinako indarrik eta eraginkortasuna txikiagoa eta ez-nahikoa dela.
Bi taldetan sailkatzen dira erretrobirusaren kontrako botikak, eragozten duten GIBaren bizi-zikloaren arabera: alderantzizko transkriptasa eta proteasa. Honez gain, transkriptasaren inhibitzaileak egituraren arabera hiru multzotan banatzen dira: nukleosidoen analogoak, nukleosidoen ez analogoak eta nukleotido analogoak.
Gehien gomendatzen diren konbinazioak dira alderantzizko transkriptasaren
bi inhibitzaile (nukleosidoen analogoak) eta proteasaren inhibitzaile bat
edota nukleosido zein nukleotido bat (analogoa edo ez analogoa) bere baitan
biltzen dituztenak.
Hiru konbinazio motetariko bakoitzak abantaila eta desabantaila argiak dauzka,
eta ezin da bat besteen gainetik jarri pertsona kutsatu guztien konponbide
unibertsal gisa. Hautaketa gehienetan botikekin zerikusirik ez daukaten aldaeren
menpe egongo da, esate baterako pertsonaren gustuak, hartzen dituen beste
botika batzuk, tratamenduak bizimoduan eduki dezakeen eragina,...
Zaila da bermatzea tratamendua pertsona batengan epe mugagabean eraginkorra
izan dadin, baina badaude kontuan hartu beharreko zenbait faktore arrakasta
eskuragarriagoa izan dadin. Erregimen indartsu bat aukeratzeko premia onartuta,
tratamendua egokiro betetzea faktore erabakigarria izaten da. Arrakasta edukiko
badu, erretrobirusaren kontrako tratamendua era ezin estuagoan bete behar
da: agindutako dosien % 90-95 era egokian hartu behar dira. Tratamenduaren
eraginkortasunean eragin dezakeen beste faktore bat erresistentziak
agertzea da.
Behin tratamendua hasita honen eraginkortasuna aldian
aldiro (3-4 hilabetean behin) neurtzen da, CD4 linfozitoak eta birus-karga
zenbatuz. Pertsona gehienengan CD4en zenbatekoa hazi egiten da eta birus-kargarena
gutxitu. Birus-karga gutxitzea da bide onena tratamenduaren eraginkortasuna
baloratzeko, nahikoa gutxitzen ez bada, hots, hasierako kopuruaren heren bat,
esan daiteke gaixoak botikak modu egokian hartzen ez dituela edota tratamendua
espero zena bezain eraginkorra ez dela. Birus-karga antzeman ezinezko mailetara
(20 errepika/mL-ko baino gutxiago) jaisten ez bada, porrot terapeutikotzat
hartzen da.
El inicio de tratamiento es una decisión importante, ya que el uso inadecuado
de los fármacos puede tener consecuencias negativas. El objetivo del tratamiento
es impedir que NO aparezca grado de sufrimiento clínico en las personas
que lo reciben, lo cual se consigue en la mayoría de los casos manteniendo
recuentos aceptables de linfocitos CD4 en sangre
periférica. La velocidad con la que disminuyen los CD4 es proporcional a la
viremia (o carga viral) de la persona. La carga
viral refleja muy fielmente el efecto del tratamiento.
Beharrezkoa da inoiz erretrobirusaren kontrako tratamendua aldatzea?
Erretrobirusaren kontrako lehen tratamenduari epe mugagabean
eutsi ahal izango balitzaio ere, badaude hainbat arrazoi maiz aldatzera behartzen
dutenak. Arrazoi ohikoena tratamenduaren porrota izaten da, hots, birusaren
errepika ezabatuta (birus-karga antzemanezina) edukitzeko ezintasuna. Gutxi
gorabehera hiru botikako edozein konbinaziotako tratamendu bati ekiten dioten
pertsonen erdiek ez dute lortzen birus-karga antzemanezina izatea eta tratamendua
aldatu behar dute.
Bigarren arrazoi garrantzitsua toxikotasuna edota intolerantzia izaten da.
Botika motaren arabera, kalkulatzen da pertsonen % 5-25ek holako ondorioengatik
aldatu behar dute.
Tratamendua aldatzea erabakiz gero, botika berrien aukeraketa
aldaketa eragin duen arrazoiaren araberakoa izan ohi da.
Aldaketa porrot terapeutikoaren ondorioa bada, birusaren kontra teorian eraginkorrak
diren botikak aukeratu behar dira. Oso litekeena da birusak erretrobirusaren
kontrako hainbat botikaren aurrean erresistentzia garatu izana, beraz, aurrekoekin
erresistentzia gurutzatua eduki dezaketen botikak ekidin beharko dira. Aukeraketa
askotan enpirikoki, "itsu-itsuan", egiten da, botika desberdinen
artean egon daitezkeen erresistentzia gurutzatuaren aukeren arabera eta erreskate-tratamendu
batean eraginkorra izateko gaitasunaren arabera. Aukeraketa erresistentzia-test
bat erabiliz ere egin daiteke, test hauek adierazten dute zein botikak irauten
duen aktibo tratatu nahi dugun pertsonaren birusaren aurrean.
Aldaketa toxikotasunaren ondorioa bada, eragin toxiko hori ez daukaten botikak
aukeratu beharko dira.
Zenbat denboratan hartu behar dut tratamendua?
Berez erretrobirusaren kontrako tratamendua bizitza osokoa
da. Tratamendu bertan behera geratzen bada, ia-ia jarraian birus-karga haziko
da eta, normalean, CD4 linfozitoen zenbatekoak jaitsiera esanguratsua edukiko
du.
Orain dela gutxi "tratamenduaren etenaldi egituratuak" deritzen
estrategiak aztertzen hasi dira, medikazioaren etenaldi errepikatu eta kontrolatuen
bidez birusaren aurrean berariazko immunitatea lortu nahi dutenak. Oraindik
ere hauen eraginkortasuna frogatu ez bada ere, baliteke kutsadura larria daukatenek
erabili ahal izatea eta epe zehatz batean atsedenaldi bat hartzea, beti ere
era kontrolatuan egiten badute arrisku gutxi egon dadin.
ELKARRERAGINAK
Erretrobirusaren kontrako botikek, beste edozein botikak bezalaxe, elkarreraginak
eduki ditzakete. Hau dela eta, GIBaren sendagile espezialistarekin kontsultatu
behar da eraman daitekeen beste edozein tratamendu, baita medikuntza naturalekoak
ere.
Erretrobirusaren kontrako botikekin elkarreragina duten tratamenduen zerrenda
oso luzea da. Jarraian elkarreragin horietariko batzuen berri emango dugu.
METADONA. Metadonaren dosia Viramune eta Sustivarekin
egokitu beharko da.
VIAGRA. Proteasaren inhibitzaileei viagraren eragina areagotu dezakete eta
bihotza gelditzea eragin.
ESTASIA. Proteasaren inhibitzaileak hartzeak diseinu-drogen eragina areagotu
dezake. Bihotzekoa eragin dezake.
Oro har gripearen kontrako botikek kontraindikazioa daukate: Aspirina, Complex,
Frenadol,... Migrainaren kontrako botika batzuek Ritonavir izenekoarekiko
kontraindikazioa daukate.
Benzodiazepinek kontraindikazioa daukate; beharrezkoak izanez gero, sendagileak
arrisku txikiena daukatenak aukeratu beharko ditu.
Antihistaminiko batzuk ezin dira hartu, alergia baten kontrako tratamendua
behar izanez gero, sendagileari galdetu behar zaio.
| EZ IZAN ZALANTZARIK, GALDEIGUZU |