
| sexualitate kontzeptua |
| sexualitatearen funtzioak |
| sexuatze prozesua |
| sexualitatearen aroak |
| gizakia, izakia sexuduna |
| gizakiaren sexu-erantzuna |
| hilekoaren zikloa |
Garai bakoitzak, kultura bakoitzak, gizarte bakoitzak sexualitatea ulertzeko era bana dauka, beti ere oso lotuta dagoena garai horretan nagusi diren balioei. Beraz, esan genezake sexualitatea azaltzeko ereduak gizarte-eredu adina direla. Sexualitate kontzeptua belaunaldiz belaunaldi aldatuz eta eskualdatuz joan da. Eta eskualdatze hori, modu formalez egin ez bada ere, hots, profesional batzuek modu sistematikoz eta helburu zehatzekin egin ez badute ere, modu ez-formalez egin da, jarduera, pentsaera, balio, iritzi eta abarren bidez,..., eta sexu-heziketaren eredu desberdinak eragin ditu.
|
Sexualitateaz, geure
sexualitateaz hitz egitea inoiz ez da kontu erraza izan. Mende luzetan
erraz eta naturaltasunez ibili beharko litzatekeen hitzari beldur, aurreiritzi
eta mesfidantza pilo batek hesia ezarri diote. Dena dela, gizakiak ez
du amore eman, eta sexualitateaz eta honek banakako bizitzan, senitarte
bizitzan eta gizarte bizitzan suposatzen duenaz hitz egin du etengabe. |
|
Hobeto ezagutzearren, sexualitate kontzeptura modu desberdinetan hurbilduko gara:
1. Sexualitateak gure gorputz guztiari eragiten
dio, ez soilik sexu-organoei. Genetika-programa, sistema endokrinoa, barru
zein kanpoko sexu-organoak, garuna, gorpuzkera sexudunak dira, haien menpe
daude, beste faktore batzuekin batera, gure sexu-desira eta portaerak, beraz,
esan dezakegu sexualitatea biologian sustraituta dagoela, eta hura dimentsio
hau kontuan hartzeke ezin dela ulertu.
2. Sexualitatea adin guztietako errealitate bat da, ernalketarekin batera
hasi eta heriotzarekin bukatu egiten dena. Gizakiaren beste arlo batzuk
bezalaxe, bilakatu eta aldatu egiten da, hots, era desberdinetan agertu eta
bizi egiten da haurtzaroan, nerabezaroan, zahartzaroan,... baina horietan
guztietan agertzen da eta garrantzitsua da.
3. Ugalketa ez da sexualitatearen helburu bakarra, aske eta arduratsu hautatu
beharreko aukera da. Sexualitatea plazerra eta gogobetetzea lortzeko bizitzen
da, eta nork bere buruarekiko edo beste lagun batzuekiko harremana eta, honen
ondorioz, komunikazioa suposatzen ditu. Harremanok jaiotzetik hasten dira,
lehenengo afektibitate-loturekin, eta gizakiaren garapen osasuntsuaren zatia
dira.
4. Sexualitateak plazerra eta gogobetetzea bilatzea suposatzen du,
bai autoestimulazioaren bidez, bai beste lagunekiko estimulazioaren bidez.
Aukera honetan begi-bistakoa da erlazio bat, hots, lagunen arteko komunikazio
bat badagoela.
5. Sexualitatea desira eta portaeren bidez adierazten da. Sexu-portaera
giza-portaera esanguratsuenetariko bat bada. Bere bizipena eta adierazpena
gizaki bakoitzarengan berezkoa eta desberdina da. Sexualitatea adierazteko
era adina pertsona dago. Bagina-koitoa giza-portaera horietariko bat da, ez
bakarra, eta sexu-harreman osoa zera da, gizakia gogobetetzen duena, eta ez
koitoa. Adierazpen desberdinekiko begirunea gizaki bakoitzaren eskubideekiko
begirunearen zatia da.
6. Sexualitatea ez dago gorputz-atal bakar batean, normalean sexu-organoekin
identifikatzen bada ere. Gure larruazaleko alde batzuek nerbio-bukaera gehiago
dituztenez, alde erogeno deitzen diegu. Horregatik, larruazala gauza da garunera
helduko zaizkigun eta plazerra edota desplazerra sortuko dizkiguten sentsazioak
nabaritzeko. Azken finean, plazer gehiago eragiten digun gorputz-atala larruazala
dugu, eta gizaki bakoitzak era desberdinean eta alde desberdinetan nabarituko
du, eta garuna da jasotako informazioa hartzeko eta aztertzeko arduraduna,
baita sentsazioak ohartarazteko eta berauei esanahi bana (plazerra, atsegina,
orgasmoa,...) emateko ere.
7. Sexualitatea gizarteak arautzen du. Gizarte eta kultura orok gizonezkoari
eta emakumezkoari berariazko jarduerak ematen dizkiete. Hauek denboraren poderioz
eta kulturen arabera aldatu egiten dira. Gizarte batentzat ona dena, beste
batek ez du onartzen. Gizarte batzuen eta bestetzuen arteko desberdintasunak
hain argiak dira, ezen ezinezkoa baita moral- eta sexu-balioen kode unibertsal
bat egitea,
Honengatik guztiagatik, bukatu dezakegu esanez sexualitatea gizakiaren ezaugarri
bat dela, gure izaera osoa baldintzatzen duena, eta ez da sortzen, ezta sorrarazten
ere. Izaki sexudunak gara. Sexualitatea gure bizitza osoan, gure adierazpenetan,
bizipenetan,... dago.
sexualitatearen
funtzioak
Goian aipatutakoak kontuan hartuta esan dezakegu sexualitateak hiru funtzio
dituela:
Ugalketa
Komunikazioa
Plazerra
Biologiaren ikuspuntutik sexualitatearen helburu nagusia ugalketa da; izan
ere, espeziearen biziraupena sen garrantzitsuenetariko bat da. Animalien sexu-portaerak
oso estereotipatuak dira, adibidez, espezie batzuetako emeek sexu-harremana
bakarrik onartzen dute sor dezaketenean.
Gizakiarengan portaerak ez daude estereotipatuta, eta ugalketa aukera bat
da, are gehiago gaur egun dauden metodo antikontzeptiboak direla eta. Hau
dela eta, gizakiek sexu-desirak dituzte ugaltzeko aukerarik egonda edo ez.
Ugalketarako sexu-portaera beharrezkoa bagina-koito heterosexuala da, beste
aurrerakuntza zientifikoez gain.
Sexu-harreman gehienek plazerra dute helburu. Plazerra ongizate sentsazio
orokorra da. Askotan orgasmoarekin identifikatzen da, baina beste plazer sentsazio
asko oso garrantzitsuak ere badira. Plazerra eragin dezaketen estimuluak desberdinak
dira pertsona bakoitzarengan, eta, beraz, hau lortzeko sexu-portaerak ere
desberdinak izango dira, esate baterako, laztanek, hitz ederrek, musuek,...
plazerra eragin dezakete. Plazerra bakarrik, sexu bereko edota beste sexuko
beste lagun batekin, taldean,... lor daiteke. Hainbeste aldaera dagoenez,
esan daiteke plazerra subjektiboa dela eta gizaki bakoitzaren esku daudela
gogobetetzea bilatzeko erak.
Ugalketa eta plazerra bi funtzio identifika errazak dira, baina kasu askotan
pertsonen arteko edozein harremanetan komunikazioa sartzen dela. Komunikazioa
ez da soilik ahozkoa, are gehiago, maitasuna, sentimenduak eta jarrerak ez-ahozko
moduan komunikatzen dira: begiraden, laztanen, besarkaden, eta abarren bidez,
eta adierazpen era hauek sexu-harreman guztietan agertzen dira. Era bat da
laguna/ek jakin deza(te)n zeintzuk diren gustatzen zaizkigun gauzak eta atsegin
handiena ematen diguten sexu-portaerak, eta horrela komunikazioa norbera garatzeko
era bihurtzen da.
sexuatze prozesua
Izaki sexudunak gara, eta sexualitatea gure bizitza
osoan zehar agertzen da. Biologikoki sexu ar edo emea daukagu, jaio aurreko
epean zein bizitzako lehenengo egunetan osatuko dena. Orain jorratuko ditugun
garai desberdinetan gertatzen da sexuatze prozesu hori:
Sexu genetikoa
Ernalketan obuluak eta espermatozoideak eramaten dute geroko garapena abiaraziko
duen informazio genetiko guztia. Informazio hau 23 kromosoma pareren bidez
hedatzen da. 23. parean daude sexu-kromosomak. Obuluak X kromosoma ekarriko
du, eta espermatozoideak X kromosoma bat edo Y kromosoma bat ekar dezake,
beraz, sortuko den parea izan daiteke XX, emeen kasuan, edota XY arrenean.
Sexu gonadala
Arrautza edo zigotoa ernaldu ondoren, berau zatikatzen hasten da, giza enbrioiaren
egitura desberdinak sortzeko. Garapenaren hasierako 7-8 asteetan osatzen diren
egituretan ez dago sexu-desberdintasunik, baina une horretatik aurrera kromosomen
desberdintasunek gonadak sortzen dituzte, barrabilak arren kasuan, eta obulutegiak
emeenean.
Sexu genitala
Lehen mailako sexu-karaktereen multzoa da, hots, barne zein kanpoko sexu-organoek
osatzen duten multzoa. Gonaden (barrabilen edo obulutegien) jariaketaren ondorioz
hasten dira sortzen. Honek ekarriko du jaiotzean sexu batekoa edota bestekoa
izatea. Desberdintasuna lehenago gertatzen da emearen sexu-organoen kasuan
(3. eta 4. hilabeteen artean) arraren sexu-organoenean baino (3. eta 5. hilabeteen
artean).
Sexu hipotalamiko-hipofisiarioa
Orain arte aipatu ditugun desberdintasun morfologikoez gain, umekiaren bizitzako
azken egunetan eta jaio osteko lehenengoetan, eta gonaden hormona-jariaketaren
ondorioz, hipotalamoan zein hipofisian desberdintasun bat sortuko da, emeen
kasuan modu ziklikoan funtziona dezan, eta arrenean, berriz, modu jarraian.
Askotan kontuan hartzen ditugun desberdintasun hauek guztiak pubertaroan agertuko
dira, bigarren mailako sexu-karaktereen garapenarekin zein hilekoaren agerpen
ziklikoarekin eta espermatogenesiaren agerpen iraunkorrarekin batera.
Baina sexuatze biologikotik harantzago, badaude beste faktore batzuk pertsona
bakoitza sexu batekin edo bestearekin identifikatzea eragingo dutenak, ez
soilik janzkera, edota neskatoa edo mutikoa bazara ematen zaizkizun jostailuak,
baita eskaintzen diren mezu asko ere (neska, lagundu amari; mutil, ez izan
maritxu;...), eta gizonengan eta emakumeengan ikusten diren jarrera desberdinak
ere (etxeko lanen banaketa, zuzendaritza-lanpostuak,...), baldintza hauek
guztiek gizarte sexuatze bat eta sexuatze psikologiko bat ere egotea eragiten
dute.
sexualitatearen
aroak
Sexualitatea haurtzaroan. Jaiotzatik pubertarora.
Jaiotakoan gizakia oso babesgabea da. Bere mundua
gogobetetze-ez gogobetetze eta plazer-desplazer printzipioen arabera antolatzen
du. Gogobetetzea lortzeko beste gizaki batzuen menpe dago, eta honek gizarte
harremanak garatzera bultzatzen du. Joera hau gizarte estimuluen lehentasunean
(giza ahotsa, giza aurpegia,...) eta bere espezieko kideekiko afektibitate
loturen beharrean (maitasuna) nabaritzen da.
Bizitzako lehenengo urteetako sexualitatea batik bat zentzumenei lotuta dago,
hots, zentzumenek hartzen dute garrantzia. Larruazal osoa laztanekiko oso
sentibera da, eta hauek sentsazio atsegina eragiten dute. Zenbait umerengan
masturbazio-joerak ikusten dira, plazerra lortzeko eta bere gorputza eta honek
sortzen dituen sentsazioak ezagutzeko; hau inguruko munduari buruzko ikas-prozesuaren
zatia da. Era berean, ume batzuengan bat-bateko erekzioak gertatzen dira,
bai laztan zehatz batzuei, bai higiene-jarduerei erantzun gisa.
Pubertarora arte ez da aldaketa bio-fisiologiko garrantzitsurik gertatzen,
gorputz osoa pixkanaka haziz doa.
Sexu-portaerek ez dute berezko sexu-helbururik, baizik eta jolasen eta jardueren
barruan kokatzen direla, eta helburu dute jakin-mina asetzea, errealitatea
ezagutzea eta helduen portaerak imitatzea. Aro honetan ohikoa da "medikutan
jolastea", masturbazioa eta sexualitateari buruzko galdera asko egitea.
Sexualitatea pubertaroan eta nerabezaroan
Pubertaroan gorputzak aldaketa garrantzitsuak bizitzen
ditu, sexu hipotalamiko-hipofisiarioa bizitzan sartzen da, eta sexu-hormonen
jariaketa abiarazten da. Azken hauek barne zein kanpoko sexu-organoen heltzea
eragiten dute, eta honen ondorioz hauek obuluak edo esperma sortzeari ekiten
diote, eta bigarren mailako sexu-karaktereak ere agertzen dira (biloa agertzen
da, larruazala loditzen da, aknea,...).
Desirak gauza eta pertsona zehatzen inguruan definitzen dira, eta normalean
bizitza osorako zehazten dira, eta erakarpenak sexu-izaera argia edukitzen
du. Oro har, sentimendu guztiak indar handiaz bizitzen dira, eta desira, erakarpena,
maitemina eta maitasuna bizipenen oinarrizko kontu bilakatzen dira.
Askotan aro hau sexualitatearen hasierakotzat hartu bada ere, bertan ugaltzeko
ahalmena hasten baita, ikusten ari garen bezala ez da horrela.
Aro honetako sexualitateari buruzko gizarte arauak oso murriztaileak dira,
eta sentitzen diren desira berrien gogobetetzea ekar dezakeen sexu-jarduera
erreprimitu egiten da. Nerabeengan gehien agertzen diren sexu-portaeretariko
bat masturbazioa da.
Beste arlo garrantzitsu bat, sexualitatearen osaketan eragiten duena, zera
da, sortu den gorputz-irudi berriari egokitzapena eta beronen onarpena eta
ondorioz rol berria bereganatzea.
Sexualitatea helduaroan
Orokorrean, denbora luzean, pentsatu zen helduarora arte pixkanakako aldaketa
suertatzen zela, helduaroan nolabaiteko egonkortasuna gertatzen zela, eta
zahartzaroa heltzearekin batera pixkanakako erregresioa edota atzeranzko aldaketa
hasten zela. Baina ikuspegi horretan soilik osagai biologikoak aintzat hartzen
ziren, gizakiaren orokortasuna osatzen duten gizarte arloak eta arlo psikologikoak
bazter uzten ziren.
Zaila da helduaroan joera unibertsalez hitz egitea. Aro honetako gizarte ezaugarriak
azken urteotan aldatu egin dira: ezkontzea ez da lehen bezain derrigorrezko
prozesua, gainera berau atzeratzeko joera dago eta apur daiteke, seme-alaben
kopurua jaitsi da, senitarteko kideen arteko harremanak ahuldu egin dira,...,
eta gizarte arauak, oro har, malguagoak dira, eta garrantzi handiagoa ematen
zaie norberaren ezaugarriei, beraz, soilik esan dezakegu sexualitateari buruzko
portaera eta bizipen desberdin asko daudela.
Honekin batera, kontuan hartu behar ditugu klimaterioan, emakumezkoen menopausian,
gertatzen diren aldaketa bio-fisiologikoak, eta berauek eragiten dituzten
aldaketa fisikoak, gizarte arlokoak, emakumezkoen sexu-gaitasunean eragina
dutenak, eta psikologikoak, desberdin sentiarazten dituztenak. Gizonezkoengan
ere prozesu eta erantzun orokorrak geldoagoak bihurtzen dira, baina aldaketa
ez da hain azkarra eta ez dago hain estereotipatuta gizartean.
Sexualitatea zahartzaroan
Ukaezina da badaudela aldaketa biologiko batzuk eta
hauek sexualitatea baldintzatuko dutela. Garrantzitsua da une honetan gogoratzea
sexualitatea sexu-organoak baino gehiago badela, eta plazerrari erantzuteko
gaitasunak eta orgasmoak badirautela. Sexu-erantzunak aldaketak jasaten ditu,
baina koitoa eta masturbazioaren moduko portaerek jarraitzen dute agertzen,
eta sexu-desirak heriotzara arte irauten du.
Aro honetako sexu-aldaketa gehienak gizarte eta psikologia mailako arloei
dagozkie, hau da, norberak edota beste pertsona batzuek pentsatzea gizon-emakume
zahar batek ezin duela sexu-harremanik eduki, edo gizarteak duen jarrera negatiboa,
"agure-atso lizuna" bezalako esapideetan islatzen dena. Aurreiritziak
eta gizarte estereotipoak gainditu ahala, zahartzaroko sexualitatea era positiboagoaz
biziko da, edo jende zaharrak ez dute harremanak edukitzeko, besarkatzeko,
jasotzeko eta sentimenduak adierazteko beharrik?
Sexualitatearen bizipena ezaugarri biologikoei ez ezik, norberak jaiotzatik
egin duen historiari eta bizitzea egokitu zaigun gizarteari ere badagokie,
hau da, bizitzaren hasieratik sexuduna izatea nola bizi izan dugun, halaxe
eragingo du norberaren gorputzaren onarpenean, bestearen gorputzaren onarpenean,
nork bere burua onartzean, nork bere buruarekin eta besteekin maitasun- eta
komunikazio-harremanak garatzeko erraztasunean, eta besteak onartu eta ulertzean.
|
biologia-arloa
|
psikologia-arloa
|
gizarte arloa
|
| SEXUA | SEXUALITATEA | EROTISMOA |
| Sexudun bilakatu | Sexudun bizi | Sexudun agertu |
|
SEXUATZE PROZESUA
|
SEXUALIZAZIO PROZESUA
|
EROTIZAZIO PROZESUA
|
| MAILAK | MODUAK | ERAK |
| genetikoa gonadala genitala hipotalamo-hipofisiarioa sexu-nortasuna |
sexu-nortasuna: arra emea desira bideratzeko nortasuna: autoerotismoa heterosexuala homosexuala bisexuala |
fantasia portaera lilurapena musuak... felazioa / kunilinguisa koitoa masturbazioa masokismoa... |
Iturria: ERA-BERRI Gizarte- eta Kultura-Animaziorako Taldea
gizakiaren sexu-erantzuna
Grafikoki emakumearen zein gizonaren sexu-erantzunak
azaldu nahi baditugu, era honetan jasoko genuke:
![]() |
Grafiko honetan gizonaren zein emakumearen sexu-erantzunak jaso nahi dira
![]() ![]() |
|
(1)
|
(2)
|
Aipatzekoa da beherakada-fasean aldi errefraktario erabateko bat badagoela, bertan ez dago eiakulaziorik estimuluak egon arren, eta bere iraupena hein handi batean adinaren araberakoa da.
Emakume batzuk, orgasmoa eduki ostean, ordoki-fasean
geratzen dira, eta sexu-estimulazioak, jarraituz gero, beste orgasmo batzuk
ere eduki ditzakete. Bi grafikoak gainjartzen baditugu, ikusiko dugu gizona
errazago heltzen dela ordoki-fasera eta orgasmora, beraz, gerta daiteke, gizonak
orgasmoa edukitzea emakumea oraindik ordoki-fasean dagoen bitartean, eta,
ondorioz emakumea orgasmora ez heltzea, gizona aldi errefraktario erabatekoan
dagoelako.
hilekoaren zikloa
Hilekoaren zikloa da hileroko baten hasieraren
(hemorragiaren hasieraren) eta hurrengoaren hasieraren arteko aldia, bere
batez besteko iraupena 28 egunekoa da, ziklo laburragoak (gehienez jota, 24
egunekoak) edota luzeagoak (gehienez jota, 32 egunekoak) ere normalak izan
daitezke.
![]() |
Emakume orok bere hilerokoaren zikloaren batez besteko
iraupena ezagutu behar du, baita gerta daitezkeen aldaketak kontrolatu ere.
Hilerokoaren zikloaren anomalia ohikoenak honakook dira:
Amenorrea - hilerokoaren absentzia erabatekoa da, eta lehen mailakoa
izan daiteke, menarkiaren (lehenengo hilerokoaren) aurrekoa, edo bigarren
mailakoa, menarkia agertu ostean, zikloak bertan behera geratzen badira. Fisiologikoak
dira haurtzaro, pubertaro, haurdunaldi, edoskitzaro eta menopausiako amenorreak.
Beste guztiak, aldiz, patologikoak dira eta, hortaz, hauen zioak aztertu behar
dira.
Dismenorrea - hileroko mingarria da. lehen mailakoa izan daitekeena,
hots, minak oinarri organikorik ez duenean, edo bigarren mailakoak, normalean
obulutegietako edota umetokiko kausa organikoengatik.
Hipermenorrea edo menorragia - hileroko oparoegia edota luzeegia, hots
7 egun baino gehiago irauten duen hilerokoa.
Hipomenorrea - kantitate txikiko edo iraupen oso laburreko (2 egun
baino gutxiagoko) hilerokoak.
Metrorragia - hilerokoaren antzeko odol-jarioa da, gutxi irauten duena
eta kopuru aldakorrekoa, hilerokoaren zikloan zehar agertzen dena, gehienetan
ez du garrantzirik, baina kontuan hartu beharrekoa, batzuetan lesio larriagoen
adierazlea izan baitaiteke.
Oligomenorrea - denboraren aldetik oso bakanduta suertatzen diren hilerokoak
dira, hots, maiztasun gutxikoak. Menopausiaren aurreko garaian oso ohikoak.
Polimenorrea - maiztasun handiko hilerokoak, 24 egun baino gutxiagoko
zikloetan.
Menarkiaren aurreko odol-jario genitala - orokorrean hazkunde genital
goiztiarraren adierazlea da, jaioberri batzuengan suertatzen dena izan ezik,
berau umekiaren bizitzan estrogeno mailak bat-batean jaisteagatik gertatzen
delako.
Menopausiaren osteko odol-jario genitala - gutxienez menopausiatik
(azken hilerokotik) sei hilabeteetara agertzen den odol-jarioa da. Beti patologikoa
da, horregatik arreta handiz aztertu behar da, gehienetan umetokiko edota
obulutegietako tumore baten bigarren mailako sintoma delako.