gonokozia

Neisseria gonorrhoeae bakterioak sortutako infekzioa. Gizonezkoengan, lehenengo sintoma da gernubideko jariakin horixka eta zornetsua da, batzuetan gernu-aparatuko minekin batera agertzen dena. Infekzioaren ohiko lekua gernubidea da eta gaixotasunari uretritis gonokozikoa deitzen zaio. Jariakina gaixotasuna hartu osteko hurrengo 3-10 egunen artean agertzen da, eta oro har, txiza egitean mina eragiten du, baita gernubide barruko azkura-sentsazioa ere. Hantura gorantz zabaldu daiteke, eta prostata, epididimoa, semen-besikula, gernu-maskuria eta giltzurrunak ere jo. Emakumezkoengan, gonokoziaren sintomarik ez agertzea edota hasieran oso arinak izatea gerta daiteke. Izan ere, ikerketa batzuek esaten dute gonokozia duten emakumeen %80k (eta gizonezkoen %10ek) kasik ez duela sintomarik. Lehenengo sintoma goiztiarra izan daiteke baginako jariakin horixka bat (dena dela, holako guztiak ez dagozkio gonokoziari), eta kasu batzuetan azkura txiza egitean. Infekzioaren lehenengo kokagunea, oro har, umetokiko lepoa izaten da, berau handitzen baita (zerbizitisa), eta ondoren pelbiseko infekzioa (umetokia, tronpak eta obulutegiak) eragin dezake. Gaixotasuna kroniko bilakatzeak emakumearen antzutasuna eragin dezake.

sifilia edo luesa

Treponema Pallidum bakterioak eragindako gaixotasuna: gonokozian bezala, harremana gertatu den lekuan hasten da txankro deitzen den larruazaleko zauri bat edo gehiagoren agerpenarekin. Txankroa ultzera gogor bat da, borobila, ertz goratuak dituena eta orokorrean minik ematen ez duena. Gizonezkoarengan normalean zakilean, eskrotoan edota pubisaldean agertzen da. Emakumearengan, oro har, kanpo sexu-organoetan agertzen da, baina baginan edota umetokiko lepoan ere bai; era berean, ahoan, ipurtestean, titi-buru batean edota larruazaleko edozein lekutan. Txankroa gaixotasuna hartu osteko bi-lau aste beranduago desagertzen da, eta tratatu ezean ere, aztarnarik utzi gabe desagertzen da aste batzuk pasa eta gero. Orokorrean, txankroa hilgarria izan daitekeen gaixotasun kroniko baten lehenengo fasea baino ez da. Sifilia tratatzen ez bada, "bigarren fasea" txankroa orbaindu eta hainbat aste edo hilabetetara agertzen da. Larruazaleko negal iragankor bat agertu ohi da, eta berarekin batera sintoma desberdin batzuk ere ager daitezke (buruko mina, sukarra, indigestioa, eztarriko mina, giharretako edota giltzaduretako mina). Pertsona askok ez diote lotzen fase hau hasierako txankroari. Fase honen ostean sintoma guztiak desagertu egiten dira eta "aldi sorra" izenekoa hasten da. Urteak iraun ditzakeen aldi honetan, bakterio-mikroorganismoek hainbat ehun zulatzen dituzte, batik bat, odol-hodiak, nerbio-sistema zentrala (garuna eta bizkarrezur-muina) eta hezurrak.

kandidiasia

Infekzio ohikoena da, onddo batek eragindakoa. Berez ez da STG bat, har baitaiteke sexu-harremanik egon gabe. Batik bat emakumezkoari eragiten dio, sexu-organoetako azkura eta erremina dira sintomak. Baginako jariaketa ezohikoa da. Gizonezkoari zakil-mokoa gorritu ahal zaio. Sendaketa erraza da, bagina- eta bulba-tratamendua eta ahozko tratamendua erabilita.

trikomoniasia

Parasito protozoo batek eragindako bagina-infekzio bat da.
Azkura eta erremina eragiten dituen bagina-jariaketa horixka, aparduna eta usain txarrekoa agertzen da.
Gizonezkoek sintoma gutxi daukate, edo bat ere ez.
Sintomak beste gaixotasun batzuen antzekoak direnez gero, onena da medikuarenera jotzea. Ekiditeko, erabili preserbatiboa bagina- zein uzki-koitoan eta felazioan.

kondiloma puntazorrotza

Papilomavirus humano izeneko birusak eragiten du, eta normalean emakumearen kanpo sexu-organoetan, baginan edo umetokiko lepoan, eta gizonaren zakil-mokoan agertzen diren garatxoengatik antzematen da. Tratamendua aipatu garatxoak modu desberdinen bidez desagerraraztean datza.

chlamydiak

Chlamydia trachomatis izeneko mikroorganismoek eragiten dute gaixotasun hau (emakumearen kasuan: chlamydia; gizonarenean: chlamydea edo ez-berariazko uretritisa). Ez-berariazko uretritisa da gonokoziak ez eragindako gizonaren gernu-aparatuaren hantura, baina sintomak nahiko antzekoak dira. Sintoma nagusiak dira min txikiak txiza egitean, eta gizonen kasuan gonokoziarenen oso antzekoak dira. Gonokoziak, ordea, txiza egitean min handiagoa eta zornearen antzeko jariakin kopuru handiagoa eragiten ditu. Gizonen kasuan eta tratatu ezean, konplikazioak sor ditzake, esate baterako, gernu-aparatuko lesioak, epipidimoko infekzioa, Reiter-en sindromea (uretritisa, begietako hantura eta artritisa), eta abar. Eta emakumeen kasuan, umetoki-lepoko lesioak, salpingitisa (Falopioren tronpetako infekzioa), pelbiseko gaixotasunak eta, batzuetan, antzutasuna.

txankro biguna

Haemophillus Ducreyi (Ducreyren Baziloa) izeneko baziloak eragiten du. Gaixotasun honen lehenengo lesioa txankro sifilitikoaren antzekoa den txankro bat da, baina lesio sifilitikoan ez bezala, nahiko mingarria da.

iztei-granuloma

Calymmatobacterium granulomatis izeneko infekzio-agenteak eragiten du. Gaixotasuna antzematen da larruazaleko lesio ultzeratuak eta min gabeak agertzeagatik, pixkanaka hedatuz doazenak. Infekzio-lekurik ohikoenak sexu-organoetako larruazala eta muki-mintzak izaten badira ere, ipurtestean, ipur-masailetan edo ahoan ere ager daitezke.

sexu-organoetako herpesa (VHS)

II Motako herpes soilaren birusak (batzuetan I. Motakoak ere bai) eragindako sexu-organoetako gaixotasun bat da. Gizonarengan zein emakumearengan antzematen da besikula txiki batzuk agertzen direlako, azkenean leher egiten dutenak berez sendatzen diren ultzera txiki batzuk sortzeko. Hauekin batera, azkura eta erremin-sentsazioa agertzen dira, baita sukarra, txiza egiteko mina eta buruko mina ere. Besikula hauek emakumeengan baginako ezpainetan eta gizonezkoengan zakilean azaltzen dira. Uzkiaren inguruan ere ager daitezke. Infekzioaren lehengo aldian ultzerak hiru asteren buruan orbaintzen badira ere, birusak gorputzean jarraitzen du eta era sorrean bizitza osoan iraun dezake edota aldian-aldian agertu. Egun, ez dago tratamendu bat erabat eraginkorra denik, botikaren batek sintomen errepikapena aurreikusten edo murrizten badu ere.

baginitisa eta uretritisa

Berez ez dira STGak, berauen adierazpen sintomatikoa baizik. Oso infekzio ohikoak dira, kasu batzuetan Trichomonas vaginalis izeneko protozooak eragin ditzake, eta batik bat bagina eta gernu-maskuria jotzen ditu. Infekzio arina da, baina sintomak oso mingarriak izan daitezke. Emakumearen kasuan, bulba-azkura eta erremina, baita bagina-jariaketa ezohikoa ere. Gizonaren kasuan askotan sintomarik gabe suertatzen da. Modu errazean sendatzen da, bagina-obuluen bidezko tratamendu batekin eta ahotik hartzeko konprimituekin.

hepatitisa

Birus batek eragindako gibelaren hantura da. Alkoholarekin eta botikekin txarrera egiten du.

Hepatitisaren larritasuna pertsona bakoitzaren sistema inmunologikoaren (organismoaren defentsa-sistemaren) erantzunaren araberakoa da, eta sintoma-multzo zabala eduki dezake. Hepatitis akutuaren kasu batean, gaixotasunaren garapena bat-batean hasten da, ondoeza orokorrarekin (goragalea, okadak, jangura falta eta, askotan, sukarra). Larruazaleko negalak eta giltzaduretako mina ere gerta daitezke, batik bat B hepatitisaren kasuan. 3-10 egunetara gernu iluna agertzen da, eta ondoren min horia (larruazaleko, begietako eta muki-mintzetako koloratze horixka). Sintoma hauek pixkanaka desagertuz doaz, min horiak irauten badu ere. 2-4 aste pasa ondoren sendatze fasean sartzen da, eta min horiaren intentsitatea ere pixkanaka gutxituz doa.
Normalean, hasieratik 4-8 aste pasa ondoren hepatitisa berez sendatzen da. Atsedena hartzea beharrezkoa da, baina kasu gehienetan ez da tratamendurik behar.

A hepatitisa
A birusak (AHB) eragiten du. Batik bat ahozko harreman fekalaren bidez transmititzen da (ur eta elikagai kutsatuak edo/eta aho-uzkizko sexu-harremanak).

B hepatitisa
B birusak (BHB) eragiten du. Infekzioa sortzeko kopuru nahikoan odolean, semenean eta bagina-jariakinetan agertzen da. Batik bat sexu bidezko transmititutako gaixotasuna da, eta inkubazio-aldia 6-25 aste artekoa izaten da.
Kontuan hartu behar da B birusaren infekzioen %5-10ean kroniko bihurtzeko joera dagoela (sei hilabete baino gehiago dirauen hepatitis oro kronikotzat jotzen da).
Behin hepatitisa harrapatuta, hau transmititu daiteke jardunean (fase akutuan) dagoenean edota hepatitis kronikoa denean.
B hepatitisaren tratamenduan batzuetan Interferonaren injekzioak erabiltzen dira. B hepatitisaren kontrako txertoa badago, eta beronen eraginkortasuna zein tolerantzia nahikotxo frogatuta daude.

C hepatitisa
C birusak (CHB) eragiten du eta odolaren bidez transmititzen da.
Sexu bidezko transmisioa arraroa bada ere, inoiz gerta daiteke.
C hepatitisa da kroniko bihurtzeko joera handiena daukana (%50). Ohikoena hepatitis kronikoak ibilbide onbera edukitzea bada ere, gutxi gorabehera CHBak jotako lagunen %20k zirrosia garatzen bukatzen dute. Hepatitis mota honen kontrako txertorik ez dago. Hepatitis kronikoaren kasuan, tratamenduan Interferonaren injekzioak erabil daitezke.